“Konekta Ideiak” programak gazteek sustatzen dituzten egitasmo teknologikoak lagunduko ditu

Egitasmoan parte hartu nahi duten gazteek datorren martxoaren 10era arte dute beren ideiak aurkezteko epea zabalik.

Bilboko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Bilbon bizi diren 16 eta 30 urte bitarteko gazteek sustatzen dituzten oinarri teknologikoko eta eragin sozialeko egitasmoak laguntzeko ekimen bat jarri du martxan. ‘Konekta ideiak’ programaren xede nagusia da berrikuntzaren kultura sustatzea, baina, aldi berean, gizartearen beharrizanei erantzuten dieten proiektuetan, balioa sortzea eta gizarteari onura itzultzea, elkarrekin eta lankidetzan ikasteko prozesuekin.

Deialdia

Egitasmoan parte hartu nahi duten gazteek datorren martxoaren 10era arte dute beren ideiak aurkezteko epea zabalik. Horretarako, BilbaoGazte webgunean den inprimakia osatu eta ideiakmartxan@bilbao.eus posta elektronikora bidali behar da. Proposamenak bakarka eta taldeka aurkeztu ahal dira, baina azken kasu horretan, gutxienez taldeko kide batek Bilbon erroldatuta egon beharko du.

Aurkezten diren proposamenek teknologia erabili eta eragin edo inpaktu sozial bat izan beharko du hiri osoan edo auzoetako batean. Bestelako dirulaguntzak jasotzen dituzten egitasmoak ere aurkez daitezke, betiere, gainfinantzaketa gertatzen ez bada. Egitasmoak urte honetan bertan garatu beharko dira.

Hautatuak diren egitasmoek coworking gune bat erabili ahal izango dute La Perrera eraikinean eta bertan den Makergunean dauden materialak, ekipoak eta tresnak erabili ahal izango dituzte.

Epaimahaiak aurkeztutako egitasmoak aztertu eta proiekturik onenak hautatuko ditu, ezarritako aurrekontu-kopurua gainditu gabe guztira, zeina 15.000 eurokoa baita.