Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Kultura Departamentuek ‘Gipuzkoako Paisaiak’ izeneko lehiaketa berri bat jarri dute martxan. Lehiaketa berriaren xedea da 36 urtetik beherako gazteen artean konposizioa eta interpretazioa sustatzea. Horretarako, gazteek naturan inspiratzen diren musika-lanak konposatu beharko dituzte.
Parte-hartzaileek lan bakarra aurkeztu ahal izango dute kategoria bakoitzeko eta gehienez bi kategoriatan parte hartu ahal izango da. Lehiaketa hiru kategoriatan banatuta dago: orkestra sinfonikoa, ganbera-musika eta pianoa. Lanak aurkezteko epea datorren azaroaren 30an amaituko da. Epaimahaiak aurkeztutako musika-lanen konposizio-teknika, gauzatze-mailaren egokitasuna eta originaltasuna baloratuko ditu.