Kontadoreseko udazken-neguko laborategi kulturalak

Donostiako Kontadores kultur guneak 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako udazken-neguko laborategietan izena emateko epea zabaldu du. Guztira 68 plaza eskainiko dira, sei laborategi kulturaletan banatuta. Laborategi horiek urritik otsailera bitartean egingo dira, gazteen interes eta beharretara egokituta.

Kontadores Donostiako Udaleko Gazteria Sailak kudeatzen duen kultur gunea da, eta gazteen banakako eta taldeko sormena sustatzea du helburu.

Laborategiak
  • Komiki lab: Laura Garcíaren eskutik, parte-hartzaileek narrazio grafikoaren oinarriak finkatzeko tresnak eskuratzeko eta hainbat formaturekin esperimentatzeko aukera izango dute. Laborategi hau azaroaren 21an hasi eta urtarrilaren 23ra arte luzatuko da. Eskolak ostegunetan emango dira, 17:30etatik 19:30etara eta 10 plaza eskaintzen dira. Laborategi honen prezioa 28 euro dira.
  • Sorgin bilkura: Misterioa eta sorkuntza propioa esploratzeko espazio seguru bat izatea du helburu Jone Tabernak gidatuko duen bidaia honek. Urriaren 18an hasi eta abenduaren 20an amaituko den laborategi hau ostiraletan eskainiko da, 17:30etatik 19:30etara. Kasu honetan ere 10 plaza eskaintzen dira eta 28 euro balio du.
  • Hitza ematen dizut: Puy Barralek zuzenduko duen laborategi honetan idazketa sortzailea eta interpretazioa landuko dira. Saioetan ahotsa eta hitzak esploratuko dira, ahozko narrazioaren bidez eta hainbat testu eta poema eszenaratuz. Laborategi hau urriaren 30ean hasi eta abenduaren 11ra arte luzatuko da. Saioak asteazkenetan izango dira, 18:00etatik 19:30etara bitartean. 12 plaza eskaintzen dira 13,5 euroren truke.
  • Dancehall: Andrea Vitoriak zuzenduko duen laborategi honetan Dancehall-aren oinarrizko urratsak irakatsiko dira, baita koreografiak eta mugimenduak buruz ikasteko zenbait teknika ere. Laborategi hau urriaren 22an hasi eta urtarrilaren 28ra arte luzatuko da. Saioak asteartetan izango dira, 18:00etatik 20:00etara bitartean. 12 plaza eskaintzen dira 29,25 euroren truke.
  • Zeramika: Jone Zubizarretak zuzenduko duen laborategi honetan parte-hartzaileek eskuak buztinetan sartu eta sensitibotasunean murgiltzeaz gain zeramikaren lengoaia ulertu eta ideiak taldean garatzeko aukera izango dute. 10 plaza eskaintzen dira 50 euroren truke. Laborategia azaroaren 8an hasi eta urtarrilaren 31an amaituko da. Saioak ostiraletan izango dira, 17:30etatik 20:00etara. Laborategi honen azken bi saioak AZPI kultur elkartean egingo dira esmaltazioaren teknikak ikasi ahal izateko bertako labea erabiliko baita.
  • Gorputz-kontzientzia eta malgutasuna: Irene Cormenzana eta Saioa Jaurenaren eskutik laborategi hoentan parte hartzen duten 12 gazteek gorputzaren malgutasuna lantzea da, gure gorputza ezagutuz, maitatuz eta zainduz, hobeto eta erosoago bizi ahal izateko, eta, era berean, gorputz-jarrera hobetzeko. 15 euroko prezioa duen laborategi hau azaroaren 20an hasi eta otsailaren 5ean amaituko da.

Ikastaroak 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat dira, eta Donostian erroldatutakoek izango dute lehentasuna. Laborategien eskaintza adin-tarte horretarako diseinatuta egon arren, 18 urtetik beherako eta 30 urtetik gorako pertsona interesdunek laborategietan parte hartu ahal izango dute, plaza erabilgarririk badago.

Izen-emateak urriaren 1etik aurrera egongo dira zabalik Kontadoresen webgune ofizialean: www.kontadores.eus.