Kontuz Whatsapp bidez partekatzen duzun horrekin

Maiatzaren amaieran bi seme-alaba zituen 32 urteko emakume batek bere buruaz beste egin zuen Madrilen duela bost urteko bere bideo sexual bat IVECO multinazionaleko bere lankideen artean zabaltzen ari zela jakin ostean.

Aipatu bideoa San Fernando de Henareseko IVECOren lantegian lan egiten duten ia 2.500 langileengana ez ezik, bere senarrarengana ere iritsi zen. Emakumeak Giza baliabideen sailarekin hitz egin zuen, baina gomendatu zioten gauza bakarra salaketa jartzea izan zen. Bideoa bere senarraren eskuetara iritsi zenean, antsietate krisi baten biktima izan zen eta hortik gutxira bere burua hil zuen.

Ia aldi berean, Avilés herrian 14 eta 16 urte bitarteko 50 nesken argazki intimoen bilketa eta zabalkundea ikertzen ari zen polizia. Gazte horiek euren buruari atera zizkioten argazkiak helburu erotiko batekin eta eremu pribatu batean partekatu zituzten. Hala ere, argazki horiek esparru pribatu horretatik atera eta herriko euren adin bereko ia gazte gehienen eskuetara iritsi ziren.

Kontuz partekatzen duzun horrekin

Izaera erotikoa edo pornografikoa duten irudien ekoizpena (bideoak zein argazkiak) eta horien bidalketa beste pertsona bati telefono baten bidez ez luke zertan kaltegarria izan behar. Ez behintzat, tartean indarkeria edo xantaia ez bada. Izan ere, norbera libre da nahi dituen edukiak partekatzeko nahi duenarekin. Hala ere, eduki horiek esparru pribatutik atera eta esparru publikora iristen badira, pertsona horren ohorearen, intimitatearen eta norberaren irudiaren aurkako erasoa ematen da.

Emakumeen bideo sexual pribatuen filtrazioak eta zabalkundeak sarearen bidez oso eragin negatiboak izan ditzake emakume horiengan. Gainera, bideo horiek oso denbora epe laburrean zabaltzen dira eta, ondorioz, oso zaila da eragin horiek ekiditea. Madrilen jazotakoa horren adibiderik gordinena dugu.

Horrelako kasuek bistakoak diren zenbait kontzepturen inguruan hausnarketa egitera gonbidatzen gaituzte. Ezagunak izan beharko luketen kontzeptuak izan arren, errealitateak kontrakoa uzten du agerian. Izaera sexuala duten bideoak baimenik gabe partekatzea ez da etikoa eta, gainera, zenbait kasutan, kartzela zigorra ere ekar lezake. Berdin dio bideoan azaltzen den pertsona ezagutzen ez badugu edo bideoa jasotzea eskatu ez badugu.

Eta biktimak bideo hori borondatez partekatu badu ere, bideo bera zabaltzen duen horrek delitua egingo du. Horregatik, ez da inoiz hirugarren pertsona baten bideo pribatu bat partekatu behar. Berdin dio pertsona horrengandik zuzenean jaso badugu edo Whatsapp bidez jaso badugu birala egin ostean.

Horrelako zabalkundea egiteak ondorio penalak ditu. Egunen batean zure sakelako telefonora izaera sexuala duen argazkiren edo bideoren bat iristen bada eta hori partekatzea erabakitzen baduzu, erabaki horrek ondorio penalak izan ditzakeela jakin behar duzu. 

Eta ez dago aitzakiarik: “eskatu gabe iritsi zait” edo “ez dut pertsona hori ezagutzen”. Zabaltzen baduzu, erruduna zara eta kartzelan amaitu ahal duzu.

Bideoa lehen eskutik jaso baduzu

Norbaitek borondatez izaera sexuala duen edukiren bat bidaltzen badizu, agian pentsa dezakezu borondatez egin duenez ondorio penalik gabe partekatu ahal duzula. Hori horrela zen 2015. urtera arte. Olvido Hormigos zinegotziaren kasuak eztabaida hori plazaratu zuen. Hormigosek borondatez bidali zion gizon bati bera protagonista zuen izaera sexualeko bideo bat eta gizon horrek partekatu zuen. Borondatez bidalitako bideoa zenez, ondoren egiten zen zabalkundea Kode Zibilaren urratzea besterik ez zen, eta ez Zigor Kodearena.

“Sexting” izenarekin ezagutzen den delitu horrek (hots, izaera sexuala edo pornografikoa duten mezu esplizituak bidaltzea gailu mugikor batetik) erantzuna ematen die pertsona batek borondatez izaera intimoa duten bideoak edo argazkiak grabatu eta ondoren horiek bere baimenik gabe zabaltzen diren kasuei.

Kode penalaren 197.7 artikulua 2015. urteko uztailaren lehenean sartu zen indarrean eta garbia da bere enuntziatuan: “Hiru hilabete  eta urtebete arteko kartzela zigorra edo sei eta hamabi hilabeteko isuna jasoko du etxebizitza batean edo beste inoren begiradatik urrun dagoen edozein lekutan emakumearen onarpenarekin lortutako beraren irudiak edo ikus-entzunezko grabazioak hedatzen, jakinarazten edo hirugarrenei ematen dizkiena, kaltetutako pertsonaren baimenik gabe, hedapen horrek pertsonaren intimitatea larriki kaltetzen duenean”.

Zer esan nahi du horrek? Bada, berdin diola bideoa borondatez ala ez iritsi zaizun: zabaltzen baduzu, epailearen aurrean amaituko duzu.

Era berean, gerta liteke norbaitek horrelako edukiak borondatez bidaltzea eta ondoren iritziz aldatzea. Pertsona horrek argi uzten badu ez duela nahi zuk eduki horiek izatea eduki horiek ezabatu beharko dituzu baimena amaitutzat joko baita. Berdin dio zabaltzen duzun ala ez: ezin izango duzu eduki hori gorde zure sakelako telefonoan edo bestelako gailu elektronikoren batean.

Hirugarren pertsona baten bideoa jasotzen baduzu

Hau izaten da kasurik ohikoena. Egunen batean, WhatsApp talde batean izaera sexuala duen bideo bat jasotzen duzu eta bertan ezagutzen ez duzun pertsona bat azaltzen da.

Kasu horretan, seguruenik, ardura penala bakarrik zabalkundea hasi duen pertsonak izango duela pentsatuko duzu, baina ez da horrela. Zigor Kodearen 197 bis artikulua ere garbia da zentzu horretan: “Norbaitek, edozein bide edo prozedura erabiliz, eta eragozteko ezarri diren

segurtasun-neurriak urratuz, eta behar bezalako baimenik eduki gabe, informazio-sistema bateko datu guztietan edo batzuetan sartzen bada, edo beste bati sartzen laguntzen badio, edo sisteman geratzen bada, berori kanporatzeko eskubide legitimoa duenaren borondatearen aurka, orduan, pertsona horri sei hilabetetik bi urte arteko espetxe zigorra ezarriko zaio”.

Gainera, bideoaren jatorria legezkoa ez dela baldin badakizu, Zigor Kodearen 197.3 artikulua ezarriko zaizu: “Bi urtetik bost arteko espetxealdi-zigorra ezarriko da, baldin eta agerrarazitako datu zein egitateak edo hartutako irudiak gainerakoei hedatu, ezagutarazi edo lagatzen bazaizkie, eta datu, egitate edo irudi horiek aurreko paragrafoetan aipatutakoak badira”, eta “urtebetetik hiru arteko espetxealdi-zigorra eta hamabi hilabetetik hogeita lau arteko isuna ezarriko zaizkio zilegi ez den jatorria jakinda eta agerrarazpenean parte hartu gabe aurreko lerrokadan azaldutako jokabidea egiten duenari”. 

Horrek guztiak esan nahi du WhatsAppera iristen zaizun hirugarren pertsona baten bideo bat zabaltzen baduzu, delitu baten egitean laguntzeaz gain, zuk zeuk ere delitu bat egingo duzu. Beraz, horrelako bideoren bat iristen bazaizu, egokiena da ahalik eta lasterren ezabatzea. Gainera, bideoa bidali dizun pertsona horri bideo horren zabalkundea delitua dela azaldu behar diozu. Eta Ertzaintzari horren berri ematen badiozu, hobe.

Biktima zu bazara

Biktima zu bazara, jakin ezazu legea zure alde dagoela. Irudi horiek grabatzeko baimena emateak edo horiek borondatez partekatzeak ez dio inola ere eduki horiek jaso dituen pertsonari eduki horiek partekatzeko baimenik ematen. Edozein kasutan, eduki horiek bidali nahi badituzu baina ondoren horiek partekatuak izan daitezkeenaren beldur bazara, badira erabilgarri izan daitezkeen eta hartu ahal dituzun zenbait neurri osagarri: edukiak enkriptatu, edukiak segundo gutxitara ezabatzen dituzten aplikazioak erabili, irudietan identifikagarri diren gorputz atalak ekidin (aurpegia, tatuajeak, belarritakoak…)

Edozein kasutan,komenigarria da gogoratzea bideoa edo argazkiak zabaltzen badira ardura penala eduki horiek partekatu dituzten pertsonena izango dela.

‘Sextorsion’, porno-mendekari edo izaera sexuala duten edukien zabalkunde kasu baten biktima bazara beti duzu salaketa jartzeko aukera. Horretarako Ertzaintzaren edozein polizia-etxetara, Guardia Zibilaren edo Polizia Nazionalaren delitu telematikoen sailetara jo ahal duzu. Gainera, Langileen Estatutuaren 4. artikuluaren arabera, langile guztiek dute “langileari dagokion intimitatea errespetatzeko eta duintasuna behar den moduan kontuan hartzeko eskubidea. Eskubide horretara biltzen dira, arrazaren, etniaren, erlijio edo sinesmenen, desgaitasunaren, adinaren zein sexu-joeraren ondoriozko jazarpenaren aurkako babesa, eta sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako babesa”. Horrela, edukien zabalkundea zure enpresaren barruan eman bada. Giza Baliabideen Sailak lagundu behar zaitu.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.