Lander Crespo klima-adituak Korrikaren azken edizioak ingurugiroan izan duen inpaktua aztertu du bere master-amaierako lanean. Aurkeztu dituen ondorioen arabera, euskararen aldeko ekimenik handienaren barruan inpaktu gehien duen alderdia garraioa da. Isurketa guztien bi heren baino gehiago (% 69) garraioaren ondorio dira. Gainera, azterlanak zehazten duenez, garraioaren ondorioz eragindako isurketen % 74 azken egunean egin ohi amaiera ekitaldian gertatu ziren, jaialdi horretara desplazatutako milaka lagunen joan-etorriaren ondorioz.
Ekitaldiko emisioen beste eragile nagusietako bat arropa bezalako produktuen salmenta da: isurien % 19 atal horren barruan kokatu ditu egileak. Crespok berak aitortu duenez, Korrikaren ingurumen-inpaktua txostenean islatzen dena baino handiagoa da, besteak beste, azterlanean elektrizitatea, azpiegituren muntaketa, ur-kontsumoa, Korrika Kulturalen barruko ekitaldiak, web-orriaren zein mugikorretarako aplikazioaren kudeaketa, eta publizitatearen, bideoen eta abestien prestaketa bezalako alderdiak ez direlako kontuan hartu.
Korrika bezalako ekitaldi masiboen ingurumen-inpaktua nabaria da, baina antolatzaileek azaldu dutenez azterlana aintzat hartuko dute hurrengo edizioetan inpaktua murrizteko. Horrela, azterlanak berak garraioaren erabilera optimizatzeko eta salmenta-produktuen ingurumen-inpaktua txikitzeko zenbait neurri proposatzen ditu.