Emile Durkheim (1858-1917) soziologo frantziarrak baieztatzen zuenez, aldizka ospatzen diren erritu kolektiboek balore eta sinesmen kolektiboak indartzen dituzte eta gizarte kohesioa sustatzen dute. Aldi berean, Durkheimek zioen isolamendu soziala mehatxu larria izan daitekeela osasunerako eta biziraupenerako.
2019. urteko Korrikan parte hartu zuten zenbait herritar abiapuntutzat hartuta, UPV/EHUko Gizarte Psikologia CCE ikerketa taldea teoria horiek egiaztatzen saiatu da. Taldeko kide Jon Zabalak azaltzen duenez, ”gizakia izaki soziala da, eta erritu kolektiboetan parte hartzeak eragin psikologiko positibo ugari ditu, bai talde gisa, bai indibiduo gisa”.
Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta Garapena Saileko ikertzaileek ondorioztatu dutenez, Korrikaren kasuan, Durkheimen teoria betetzen da. Horrela, ”parte-hartzaileek ongizatearen adierazle maila altuagoak erakutsi dituzte Korrikan parte hartu ondoren, aurretik baino. Eta, adierazle horietako batzuetan, adibidez, integrazio sozialaren kasuan, maila horrek iraun egiten du Korrika bukatu eta sei astera ere“.
Erritu kolektiboei esker, gure konfiantza eta balio sozialak indartzen ditugu, eta talde bateko kide sentitzen gara.
Proba estatistiko ezberdinak erabiliz ikertzaileek egiaztatu dute Durkheimek aipatzen zuen ‘eferbeszentzia kolektiboa’ dela ondorio positibo horiek eragiten dituena. ”Parte-hartzaileak integratuago sentitzen dira taldean, herrian eta komunitatean, kolektiboki ahaldunduago, eta, gainera, pertsonekiko eta gizartearekiko ikuspegi positiboagoa dute”, adierazi du Zabalak.
Azterlanak agerian utzi du gizakion osasun mentalerako Korrika bezalako erritu kolektiboek duten garrantzia. Gainera, eragin hori ez da soilik Korrika bezalako dimentsio handiko ekitaldietara mugatzen; izan ere, dimentsio txikiagoa duten lagun arteko afariek edo familiako kideekin egiten diren bilkurek ere antzeko eragina izango lukete. Zabalak azaltzen duenez, horien bidez ”gure talde erreferenteekiko sinesmen eta balore sozialak indartzen ditugu, taldearen parte eta estimatuak sentitzen gara, eta horrek motibazioak ematen dizkigu gure buruak eta gainerakoak hobeto zaintzeko. Horrek zentzua ematen dio gure bizitzari, munduan kokatzen laguntzen digu”.