Kultura-mailak garrantzia du

FNAC Voices 2024 ikerketaren arabera, hamar pertsonatik seik beren bikotekideen kultura-maila baloratzen dute

FNAC Voices 2024 ikerketaren arabera, ezagutzak eta kultura garrantzitsuak dira bikotekidea aukeratzeko orduan. Aipatu ikerketan jasotako datuen arabera, inkestatutakoen % 57k dio bikotekide potentzialen kultura-maila alderdi esanguratsua dela lotura afektibo-sexualak ezartzeko orduan.

Hala ere, pertsona guztiek ez dute lehentasun hori partekatzen. Horrela, inkestatutakoen % 37k ez dio bere bikotekide potentzialen kultura-mailari garrantzia ematen edo, behintzat, bestelako alderdiei garrantzi handiagoa ematen die. Beste alderdi horien artean, adibidez, itxura fisikoa da gehien aipatzen den horietako bat. Kasu horretan, ikerketak jaso duenez, gizonek (% 8) garrantzi handiagoa ematen diote balizko bikotekideen itxura fisikoari emakumeek baino (% 4). Aitzitik, alderdi kulturala garrantzitsuagoa da emakumeen artean (% 62) gizonen artean baino (% 52).

Adin taldeei dagokienez, maila kulturalean zorrotzenak 30 eta 44 urte bitartekoak dira, % 60k faktore garrantzitsutzat jotzen baitu. 18-29 urte bitartekoek eta 45-59 urte bitartekoek ere kultura-maila baloratzen dute, baina ehuneko baxuago batean (% 55).

Fisikoari garrantzi gehien ematen diotenak, berriz, gazteak dira: % 11k onartzen du itxura fisikoa dela bere lehentasuna. Ehuneko horrek behera egiten du 30-44 urte bitartekoen artean (% 6) eta 45-59 urte bitartekoen artean (% 4).

Inkestatutakoen % 67k onartu du ez dela errudun sentitzen solasaldi bateko gaia ezagutzen ez badu edo balioa duen zerbait esateko gai ez bada. Hala ere, testuinguruaren arabera pertzepzio hori alda daiteke: lanean % 17k eta lagunartean % 13k onartzen dute deseroso sentitzen direla gaia ezagutzen ez badute. Emakumeak eta 18-19 urte bitarteko gazteak omen dira egoera horietan lotsa gehien pasatzen dutenak.

Ikerketak ondorioztatu duenez, inkestatu gehienak zintzoak dira beren kultura-gustuen inguruan: % 92k dio ez duela gezurrik esaten bere musika-, zinema- edo literatura-gustuen inguruan. Hala ere, % 8k onartzen du, zenbait kasutan, gezurrak esaten dituela pertsona interesgarriago baten plantak egiteko edo azalpenak saihesteko.