Ciscok eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak teknologia aurreratuak eta zibersegurtasuna landuko dituen laborategi bat zabaldu dute Arrasateko campusean. Laborategi berriaren xedea da ikasleei teknologia aurreratuetan formakuntza eskaintzea eta industria-sektoreko enpresei IoT (Internet of Things / Gauzen Interneta) inguruneetara bideratutako komunikazioekin eta zibersegurtasunarekin lotutako irtenbide berrienak eskaintzea.
Laborategia, Euskal Herrian Cisco multinazionalaren kide diren Ikusi eta Surnivel3rekin batera garatu da eta formakuntza esparruan erreferente bilakatzeko eta enpresa-jardueren zentroa bilakatzeko diseinatuta dago. Goi Eskola politeknikoaren 11. Eraikinean izango den laborategi berriak Ciscok garatutako azken teknologiak izango ditu eta, horri esker, enpresek eta gradu, graduondo, formakuntza ziklo eta etengabeko prestakuntzako ikasleek komunikazio sareen, zibersegurtasunaren eta IoT sistemak industria-inguruneetan txertatzeko prozeduretan trebatzeko aukera izango dute. Laborategian jorratuko diren teknologien artean daude, adibidez, adimen artifiziala, edge computing, biki digitalak, mantentze-lan produktiboa eta zero trust segurtasuna.
Gainera, laborategiak unibertsitatearen eta industriaren arteko harremana sustatuko duen jarduera-agenda bat eskainiko du. Adibidez, Industria 4.0 inguruko gaien inguruko jardunaldi teknikoak antolatuko dira sei hilez behin Ciscoko adituekin batera. Horrez gain, hiru hilez behin, mahai inguruak, networking topaketak eta sektoreko adituek irakatsitako eskola espezializatuak ere antolatuko dira. Azkenik, bestelako ekimenak ere aurreikusten dira; esaterako, hackatoiak eta ko-sorkuntzako ekitaldiak.