Iraila aldaketaz beteriko hilabetea da. Udara bukatuta, egunerokora bueltatzeko unea da. Gizartean askorentzat oporren amaiera dira; gazte askorentzat, ordea, orain hasiko dira ‘oporrak’. Izan ere, udalekuak bukatu dira, igerilekuak eta hondartzak ez dute soroslerik behar, tabernetan langile gutxiago behar dituzte, ospitaletan langile finkoak oporretatik bueltatzen dira…
Aipatutako lanpostu guzti hauek ezaugarri ugari dituzte amankomunean. Bat bereziki: urte-sasoikoak direla. Behin-behinekoak. Amaiera data oso argiarekin. Eta, gainera, urteko une askotan ematen direnak.
Badirudi, konturatu gabe, gazte izateak inplizituki daramala epe baterako lanpostu bat izatea, soldata minimoak izatea edota zalantzagarriak diren baldintzetan lan egitea. Edo, behintzat, gizartean ideia hori nabarmenki hedatu da. Zoritxarrez, ohikoak dira ‘behintzat hasteko baliagarria izango zaizu’, ‘horrela CVa osatzen zoaz’ edo ‘hobe hori langabezian egon baino’ bezalako esaldiak.
Azken aldian hiru hilabetero Eustat eta bestelako informazio-iturriek kaleratutako txosten eta ikerketetan, langabezia-tasa jaitsi dela ikusi da. Berau murrizteko helburuan jarri da begirada azken urteotan. Baina, zoritxarrez, bigarren arazo bat sortu da: prekarietatea.
Onartu beharra dago langabezia-tasa pixka bat murriztea lortu dela. Behinik behin, aipatutako datuek diotenaren arabera. Baina, oraindik ere, baldintza kaxkarretan lan egiten jarraitzen dugu. Garrantzitsua da gazteon laneratzea, lehengo bultzada bat izatea eta gure bizitza-proiektu autonomoari ekiteko aukera izatea. Baina garrantzia berdinekoa da lan baldintza duinak izatea. Ezin dugu ahaztu pertsona gazte baten helburua nagusia bizitza proiektua garatzeko aukerak izatea dela.
Hori lortu ahal izateko oztopo handiegiak dira behin-behinekotasuna, lanaldi partziala edo urte-sasoiko kontratazioak. Eta are gehiago hauen barnean kontratazio formula bereziak erabiltzen badira, besteak beste praktikak edo bekak. Formakuntza arora bideratutako neurriak baitira, ez lanpostu bat sortzekoak. Bide horretan, gazteon eskubideak defendatzeko, beharrezkoa da ikuskaritza gehiago ezartzea ezohiko formulen erabilera saihesteko, askotan lanpostu bat betetzeko erabiltzen baitira.
Prekarietatea: baldintzak
eta osteko ondorioak
Prekarietateari buruz hitz egiten dugunean, ez gara soilik baldintzetan geratu behar. Argi dago gazteoi eskaintzen zaigun egoera dela oinarrian dagoen arazoa eta irtenbide azkar bat eman behar zaiola. Baina EGKtik horretaz gain osteko ondorioetan ere atentzioa ezartzea aldarrikatzen dugu. Lan Osasunaren Nazioarteko Egunean, apirilak 28, kaleratutako manifestuko hainbat datu ekarriko nahiko nituzke gogora: 2017an zehar Euskadin 8.048 lan istripu arin (2.029 emakumeek eta 6.019 gizonezkoek), 40 larri (7 emakumeek eta 33 gizonezkoek) eta heriotza sortu zuten bi (biak gizonezkoak) izan ziren
Eta, horretaz gain, Eustaten arabera, 2017an 117 gaztek gaixotasun profesionala izan zuten (48 emakumezkoak eta 69 gizonezkoak). Ba al dakigu zelan eragiten du prekarietateak gazteengan?
Egoeraren jakitun izan gaitezen eta gizartearen aurrean salatzeko asmoz Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan (EGK) salaketa publikoak egiten dira langile gazte batek lan istripu larri bat sufritzen duenean. 2019an zehar birritan aktibatu behar izan dugu eta, zoritxarrez, ziur gaude beste hainbat kasu eman direla, publikoak egin ez direnak edota istripu bezala identifikatu ez direnak.
Neurriak hartzeko unea
Ezinbestekoa da administrazioek honen gaineko ardura hartzea. Lehenik eta behin, aipatutako ezohiko egoerei amaiera ematen eta gazteon eskubideak bermatzeko ikuskaritza gehiago jarri behar dute. Soilik horrela lortuko da lan istripuekin, prekarietatearekin eta bi hauen ondorioekin amaitzea.
Era berean, enpresekin pedagogia lana egin behar da haiek ere uler dezaten prekarietatea guztientzako kaltegarria dela eta baldintza egokietan lan egiten duen langileak produktibitate handiagoa izango duela. Era berean, kontratazio sistemetan ematen diren dirulaguntzak birpentsatzea ondo legoke, esan dugun bezala lanpostuak sortzea bezain garrantzitsua baita hauetan eskainitako baldintzen duintasuna bermatzea. Arazo bati irtenbidea ematerakoan beste bat sortu ez dezagun.
Maialen Olabe
EGKko presidentea