Azaroaren 9an, 11:00etatik 13:00etara bitartean, Iruñeko Gaztediaren Etxeak dibertsitate funtzionala duten gazteentzako ‘Lau Haizetara’ tailerraren lehen saioa hartuko du. Batera Aske kooperatibak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, sustatzen duen egitasmo hau talde horrek kulturarako sarbidean dituen beharrak aztertzean eta artatzean oinarritzen da. Tailer horretan parte hartzeko izen-emateak online egin behar dira bash@bateraaske.com posta elektronikora idatziz.
Tailerra dibertsitate funtzionala duten gazteek eta haien familiek aisialdiaren eta kulturaren inguruan dituzten beharrak biltzeko esperientzia pilotu gisa ere planteatu da. Asmoa da artean eta hezkuntza-berrikuntzan oinarritutako jardueren bidez ingurune seguru eta suspergarria eskaintzea. Adibidez, inprobisazio artistikoko eta gorputz-mugimenduko jolasen eta ariketen bidez, tailerrak parte-hartzaileen sormena, benetakotasuna eta autoestimua indartu nahi ditu. Tailerra, nagusiki, gaztelaniaz emango da, baina irakasleak elebidunak izango dira parte-hartzaileak euskaraz ere artatzeko.
Lehen saio horretan, gainera, familiei zuzendutako mahai-inguru bat ere izango da. Bertan, aisialdi inklusiboaren inguruko alderdi ezberdinak jorratuko dira. Saio horretan jasotako iradokizunak, azaroaren 16an eta 23an eta abenduaren 14an izango diren programaren hurrengo saioetan barneratuko dira.