Lau hamarkadetako ibilbidearen aintzatespena

Ruper Ordorika musikari oñatiarrak Abadia saria jasoko du datorren irailaren 12an euskal kulturaren alde egindako lanagatik

Ruper Ordorika musikari oñatiarrak aurtengo Abadia Saria jasoko du datorren irailaren 12an Hendaiako Abadia jauregian egingo den ekitaldi batean. Saria lau hamarkadatan euskarazko sorkuntzaren eta kulturaren alde egindako lanaren aintzatespena da.

“Bere musikaren eta ahotsaren bitartez, iturri anitzetatik edanez, euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz. Mugarriz mugarri abian jarraitzen duen ibilbide horri esker, sormen eta kultur erreferentzia aberatsak, ordezkaezinak, eskaini dizkio euskal hizkuntzari eta kulturari, euskararen herriari berari”, nabarmendu du Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak. 

Aldaketak Abadia Sarian

Datorren urtean ospatuko den 25. edizioarekin bat eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreratu du zenbait aldaketa egingo dituela Abadia Saria bultzatzeko. Hortaz, Mendizabalek azaldu duenez, “euskararen biziberritzean eredugarriak diren pertsona, proiektu eta elkarteen lanari aitortza publikoa eskainiz, hizkuntza berari eta hiztun komunitateari berari eredu adierazgarriak” eskainiko zaizkie. Ideia berri horri forma emango dioten arauak lantzen ari da jada Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza. 

Abadia sariaren lehen edizioa 1996an izan zen eta bere xede nagusia da euskararen normalizazioan lan egiten duten pertsona, proiektu eta elkarteen lana aitortzea. Saria bi urtean behin edo urtero eman izan da eta hauek izan dira irabazleak:

  • 1996: Arantzazuko Egutegia
  • 1997: Arrasate Euskaldun Dezagun
  • 1998: Antton Olariaga
  • 1999: Karmele Esnal
  • 2000: Ttakun Kultura Elkartea
  • 2001: Dioniso Amundarain
  • 2002: Juan Zelaia
  • 2003: Elay Taldea
  • 2004: Tinko Euskara Taldea
  • 2005: armiarma.eus
  • 2006: Juanba Berasategi
  • 2007: Imanol Urbieta
  • 2009: Joxerra Garzia
  • 2011: Mintzalagun ekimena
  • 2013: IXA taldea
  • 2015: Kike Amonarriz
  • 2016: Moriarti Produkzioak
  • 2017: Ibon Sarasola
  • 2018: ahotsak.eus
  • 2019: Arantxa Urretabizkaia
  • 2020: Pello Jauregi.
  • 2021: Fagor Taldea
  • 2022: Garabide