Ohorezko Lauaxeta Saria Labayru Fundazioarentzat

Bizkaiko Foru Aldundiak Harkaitz Cano, Oihane Zuberoa eta Aitor Baztarrika ere saritu ditu poesia eta ikus-entzunezko kategorietan

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko Ohorezko Lauaxeta Saria eman dio Labayru Fundazioari 1977an sortu zenetik euskara, euskal kultura eta ondarea ikertu, sustatu eta gizarteratzeko egin duen lanagatik. Aurtengoa Lauaxeta Sarien XX. edizioa izan da eta aipatu sariaz gain, euskarazko poesia sorkuntza ere saritu dute bi kategoriatan. Harkaitz Canok 35 urtetik gorakoen kategoriako saria irabazi du, eta Oihane Zuberoak 35 urtetik beherakoen kategoriakoa. Ikus-entzunezkoen atalean, Aitor Baztarrika saritu dute ‘Jesus Carrera: Hondarribiko gorria’ dokumentalagatik.

Lauaxeta sariak

Lauaxeta sarien xede nagusia da, bai Bizkaian bai nazioartean, euskararen sustapen, hedapen eta normalizazioaren alde nabarmendu diren pertsona eta taldeen lana publikoki aitortzea. Lehenengo edizioa 2005ean izan zen eta 2012. urtera arte ohorezko saria bakarrik ematen zen. Urte horretan, Lauaxetaren fusilamenduaren 75. urteurrenarekin bat eginez, poesia eta memoria historikoari buruzko ikus-entzunezko lanen kategoriak gehitu ziren. 2014an poesia saria bi mailatan banatu zen 35 urte azpikoentzat eta 35 urte edo gehiago dutenentzat.

Geroago, 2017an, “Ohorezko Lauaxeta Saria” ezarri zen, nazioartean euskararen sustapen eta prestigioaren alde lan egiten duten Bizkaian jaiotako pertsonak edo haien ondorengoak aitortzeko.

Argazkia: Bizkaia.eus