Iruñeko Udalaren Harrotu zerbitzuak ‘LGTBI+ begirada bat Iruñeko Planetarioari’ hartuko du hil honetan. Erakusketak astronomiaren, LGTBIQA+ aniztasunaren, mitologiaren eta artearen arteko loturak aztertzen ditu, galaxiak, konstelazioak, izarrak eta planetak ikuspegi inklusibo batetik jorratuz.
Erakusketan, kosmosarekin eta LGTBI+ aniztasunarekin harremana duten kultura ezberdinetako mitologiak aurkezten dira. Horretarako, adibidez, indarrean diren zisheterosexual arauen azpian geratu diren hainbat kontakizun azaltzen dira. Erakusketaren kontzeptu bakoitzak lau elementu barneratzen ditu: astronomiaren inguruko testu bat, mitologiaren inguruko beste testu bat, objektu astronomiko bat eta kontakizun mitologikoa irudiztatzen duen erreprodukzio artistiko bat.
LGTBI+ begirada bat Iruñeko Planetarioari
Erakusketak genero- eta sexu-aniztasunaren inguruan kontzientziatu nahi ditu herritarrak ikuspegi historiko batetik abiatuta eta, horretarako, LGTBI+ kolektiboaren parte-hartzea eta ikusgaitasuna sustatuz.
Harrotu zerbitzuaren egoitzan den erakusketaren bertsio zabalago bat sarean dago ikusgai. Online erakusketak elementu informatibo eta kartel gehiago ditu, euskaraz, katalanez eta galegoz. Gainera, irisgarritasuna hobetzeko, irakurketa errazeko bertsio bat ere bada.
Bere hirugarren edizio honetan, erakusketak eduki berriak barneratu ditu. Horien artean azpimarratu behar dira, adibidez, unibertsoarekin harreman duten queer istorioak eta Asia eta Ozeaniako kulturen ikuspegi ezberdinak.
Erakusketa, Harrotuk San Gregorio kalean duen egoitzan bisita daiteke asteartetik larunbatera, 10:30etik 13:30era, eta astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:30era.