
Irakurketa denbora: 6 minutu
GreenGlam programaren bigarren edizioa abian jarri berri da. Zertan datza programa eta zein da zuen ekarpena?
GreenGlam modaren eta jasangarritasunaren inguruko ekintzailetzan trebatzeko eta laguntzeko programa bat da, Bilboko 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendua. Helburua da gazteek ‘moda azkarraren’ edo fast fashion izenarekin ezagutzen den horren ingurumen, gizarte eta ekonomia inpaktuaz kontzientzia hartzea, gazteak euskal ‘moda jasangarriaren’ sektorera hurbiltzea eta ehungintzan etorkizun etikoago eta orekatuago bat sustatzen duten ekimenak babestea.
Programa bi fasetan garatuko da: lehena informatu, inspiratu eta esperimentatzera bideratua, tailer eta workshop ezberdinen bidez; bigarrena proiektuen deialdi ireki batera zuzendua, non garatzeko laguntza tekniko eta logistikoa jasoko duten bi ekimen hautatuko diren.
GreenGlam egitasmoaren helburua da gazteek ‘moda azkarraren’ edo fast fashion izenarekin ezagutzen den horren ingurumen, gizarte eta ekonomia inpaktuaz kontzientzia hartzea, gazteak euskal ‘moda jasangarriaren’ sektorera hurbiltzea eta ehungintzan etorkizun etikoago eta orekatuago bat sustatzen duten ekimenak babestea.
Programa Bilboko Udalak kudeatzen du, Gazteria Sailaren bidez. Beraiek jarri ziren gurekin harremanetan parte hartzeko. Guk ‘Bilbao, Balioen Hiria’-n sari bat irabazi genuen moda eta jasangarritasunaren inguruan egiten dugun lanagatik. Haiek kudeatzen duten ‘Konekta ideiak’ proiektuaren barruan moda jasangarriaren gaia landu nahi zuten eta guk proposamen bat egin genien gazteak sektore horretan aktibatu eta sartzeko. Ideia gustatu zitzaien eta iaz lehen edizioa ospatu genuen, eta hilabete honetan bigarrena hasi berri dugu.
Programaren barruan idazkaritza teknikoaren funtzioak betetzen ditugu. Funtsean, programa diseinatzen dugu eta gonbidatuekin harremanetan jartzen gara. Adibidez, aurten hiru tailer antolatu ditugu non Miriam Ocáriz, H05eko Estela de Miguel eta Markel González, eta Betiana Pavón-ek parte hartuko duten.
Proiektu horren oinarri nagusietako bat modaren jasangarritasuna da. Zer da moda jasangarria? Zein faktorek eragiten dute sektore hori jasangarria izan dadin ala ez?
Modaren jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, dagoeneko existitzen dena mantentzeko beharraz ari gara, zerbait berria ekoitzi beharrik gabe. Ideia nagusia da dagoeneko ditugun gauzei erabilera berriak ematea, bai bere helburu berdinaren barruan, bai helburu berri baten barruan. Guk biodiseinuaren munduaren alde ere egiten dugu, naturak eskaintzen diguna behatzean eta sektorean materialtasun organikoak sartzean datzana, jatorrietara itzultzea eta ehun naturalak soilik erabiltzea…
Modaren jasangarritasunaz hitz egiten dugunean, dagoeneko existitzen dena mantentzeko beharraz ari gara, zerbait berria ekoitzi beharrik gabe
Modaren jasangarritasuna jantzien etiketa berde bat izatetik harago doa. Sektore honetako marka handi batzuek halako ‘garbiketa berde’ bat egin nahi dute lerro batzuk edo jantzi batzuk etiketa ekologikoarekin merkaturatuz, beren ekoizpenaren zatirik handiena inola ere jasangarriak ez diren parametroen pean mantentzen duten bitartean. Eta kasu horretan, ez dira, ez ingurumenaren aldetik, ez etikoki jasangarriak, hainbat kasutan, ekoizpen hori guztiz onartezinak diren lan baldintzen pean egiten baita. Horregatik, kontu handia izan behar dugu eta ez gara marketing estrategiekin engainatu behar.
Sektorearen egungo joera, moda azkarraren edo fast fashion-aren fenomenoarekin, zuek proposatzen duzuen guztiaren kontra doa. Zer egin dezakegu kontsumitzaile gisa egoera hau aldatzeko?
Ideia da kontrakoari buelta ematea, kontsumo askoz ere arduratsuago batera joatea. Fast Fashion-aren aurrean, guk Slow Fashion-aren alde egiten dugu. Horretarako dibulgazio lana egiten dugu jendeak uler dezan marka handien dendetan aurkitzen duena, baita etiketa berdearekin ere, ez dela jasangarria. Ez dugu katastrofistak izan nahi. Badakigu modaren industriaren inpaktuari buruzko datu asko daudela, baina guk nahiago dugu pertsonen autonomia sustatzea, beren irizpidea sor dezaten, trebetasunak ikas ditzaten eta autonomoagoak izan daitezen.
Slow Fashion proposamen batetik posible al da biztanleria osoaren arropa beharrei erantzutea?
Une honetan, ez da beharrezkoa arropa gehiago ekoiztea. Ikerketa batek dio ez litzatekeela beharrezkoa izango hurrengo lau urteetan jantzi gehiago ekoiztea aipatzen duzun eskari horri erantzuteko. Hau da, arropa nahikoa dago guztiontzat. Izan ere, justu kontrako eskeman gaude, guztiz beharrezkoa ez den ekoizpen soberakin batekin.
Aldatu beharko litzatekeen beste alderdi garrantzitsu bat moda industria edo negozio gisa ulertzen den kontzeptua bera da. Gaur egun beste alternatiba batzuk daude irabaziak lortzeko saldu beharrean. Beste premisa batzuen pean funtzionatzen duten saltoki eta salmenta sistemak daude, eta uste dugu protagonismo gehiago eman beharko litzaiekeela. Zentzu horretan, erakundeek ere gehiago lagundu beharko liekete beren marka garatzen hasi diren gazte guztiei aurrera egin ahal izateko.
Kontuan izan behar dugu arropa kontsumoaren gehiengoa kontsumo inpultsiboa dela; ez dago zerbait berria izateko benetako beharrik.
GreenGlam programaren bigarren edizioaren aurkezpenean, lehen edizioko irabazleetako bat izan zen Arantxa Esparzak egiten ari den artisau lana erakutsi zuen. Argi dago, modu honetan egindako jantziak garestiagoak direla fast fashion-aren premisen pean egindakoak baino. Nola konbentzitu dezakegu norbait hobe dela diru gehigarri hori gastatzea?
Ulertu behar dugu jantzi baten prezioa hasieran ordaintzen duzun dirutik harago doala. Artisau eran ekoiztutako jantzi baten kalitatea, iraunkortasuna eta moldagarritasuna askoz handiagoa da eta, hortaz, epe luzera, merkeagoa da. Ez da zuzena mota honetako jantziak fast fashion-ak ekoiztutakoekin alderatzea.
Gure arroparekin dugun harremana aldatu behar dugu eta gure inguruan dugun guztiarekin konpromiso handiagoa izan. Ezin gara mugatu gauzak erosteko kostatzen zaigunaren arabera baloratzera. Badaude jantziak, hasieran garestiagoak izanda ere, bizitza osorako iraun diezazuketenak. Ohituta gaude arropa erosi eta denbora laburrean baztertzera, baina hori ez da normala eta, noski, ez da jasangarria.
Gure arroparekin dugun harremana aldatu behar dugu eta gure inguruan dugun guztiarekin konpromiso handiagoa izan.
Ildo berean, gure arropa ekoizten duten horiek duintasunez ordaintzearen garrantzia ere aldarrikatu nahiko genuke. Fast Fashion ereduaren kasuan, esan bezala, gehienetan esklabutzatik gertu dauden baldintzetan ekoizten da arropa eta, noski, ez dira gutxieneko baldintza duin batzuk errespetatzen.
Zer egin dezakegu moda azkarraren kontsumo gurpilean gaudenok hortik ateratzeko?
Hau ez da dena edo ezer ez joko bat; badaude grisak, badaude ñabardurak. Argi dago ez dela erraza, baina lehen urratsa kontzientzia kritikoa sortzea eta kontsumitzaile kritiko bihurtzea izango litzateke. Zer ari naiz erosten? Erosten ikasi behar dugu, zer erosten ari garen jakinda: nondik datorren, nola ekoiztu den… Gure kontsumo ohiturak zalantzan jarri behar ditugu, baina ez soilik modaren esparruan. Kasu honetan, jantzi bat erostera goazenean, geure buruari galdetu beharko genioke benetan jantzi hori behar dugun ala ez eta, baiezkoan, fast fashion-era jo aurretik, agian ea beste alternatiba bat posible den ala ez: etxean dagoeneko dugun zerbait berreskuratu edo konpondu, bigarren eskukoa erosi…
Kontzientzia kritikoa sortu eta kontsumitzaile kritiko bihurtu behar gara. (…) Gure kontsumo ohiturak zalantzan jarri behar ditugu, baina ez soilik modaren esparruan
Kontsumitzaile gisa ere markei gardentasun handiagoa eskatu beharko genieke produktuen inguruan: jatorria, hornitzaileak, garraioa… Marka askok dagoeneko badute beren produktuen aztarna ekologikoaren nolabaiteko kontagailu bat haien ingurumen inpaktua ezagutu dezagun.
Amaitzeko, nola baloratzen duzue modaren sektorearen egoera Euskal Herrian?
GreenGlam-en lehen edizioan aukera izan genuen kezka handia duen jende gazte asko ezagutzeko. Gai honen inguruan kontzientziazio handiagoa duen belaunaldi bat da eta joera handiagoa du pertsonalizatzeko, bigarren eskuko arropa erosteko… Ingurumen kontzientzia handiagoa dago. Euskal Herrian, historikoki, tradizio zabala izan dugu ehungintza sektorean, baina gaur egun, ez dago arlo honen inguruan formakuntza jaso ahal izateko espazio ofizial publikorik. Eskaintza pribatua badago, baina ez dago eskaintza publikorik. Unibertsitate mailan ez dago ezer eta Lanbide Heziketan ziklo batzuk ematen dira josturaren inguruko lanbidearen tresnak ezagutzeko aukera ematen dutenak. Horrek moda sektore artistiko eta, nolabait, minoritario gisa ikusarazten du. Eta esan dugun bezala, horek ez dauka zerikusirik izan dugun tradizio industrialarekin.