Donostia hitzen hiria bilakatuko da Literaktum jaialdiaren eskutik

Behin betiko egitaraua osatu gabe dagoen arren antolatzaileek jada Donostian izango diren zenbait idazleren izenak aurreratu dituzte.

Literaktum jaialdi literarioaren aurtengo edizioa azaroaren 11tik 24ra bitartean egingo da ‘Letrak zeruertzean’ lelopean. Egitarau osoa azaroaren 5ean aurkeztuko da, baina antolatzaileek jada aurrerapen bat egin dute. Horren arabera, Donostian izen handiko idazleak izango dira jaialdian parte hartzen: Dolores Redondo, Carmen Mola, Adania Shibli, Enrique Vila-Matas eta Martín Caparrós, besteak beste. Aurtengo edizioan literaturaren, gatazka sozial eta politikoen eta gerren eta horien ondorioen arteko loturak aztertuko dira, mahai-inguruen, hitzaldien eta liburuen aurkezpenen bidez.

Idazle ezagunak

Dolores Redondok “Las que no duermen NASH” bere azken eleberria aurkeztuko du. Idazle donostiarra, zalantzarik gabe, aurtengo edizioko protagonista nagusietako bat izango da. Hitzordua, azaroaren 18an izango da, 19:00etatik aurrera, Victoria Eugenia Antzokian. Aurkezpenerako ezinbestekoa da gonbidapena lortzea jaialdiaren webgunean. Gonbidapen horiek azaroaren 13tik aurrera lortu ahal izango dira eta pertsona bakoitzeko, gehienez, bi gonbidapen lortu ahal izango dira.

Adania Shibli idazle palestinarrak, duela gutxi euskaratutako “Un detalle menor” lanagatik ezaguna denak, literaturak gatazka garaietan duen zereginari buruzko hausnarketa eskainiko du. Hitzordua, kasu honetan, azaroaren 22an izango da Okendo Kultur Etxean. Kasu honetan ere gonbidapenak behar dira hitzaldira joateko.

Azaroaren 23an, Carmen Molak (Agustín Martínez, Antonio Mercero eta Jorge Díaz idazleek erabiltzen duten ezizena) ‘El Clan’ eleberria aurkeztuko du Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan.

Jaialdiko beste protagonistetako bat Enrique Vila-Matas izango da. Idazleak Luis Martín-Santosi omenaldia egingo dio bere jaiotzaren mendeurrenean, “Tiempo de silencio” eleberriari eskainitako hitzaldiarekin. Seix Barral argitaletxeak eleberri horren edizio berri bat argitaratu du Vila-Matasen hitzaurrearekin. San Telmo Museoan izango den ekitaldi horretan, azaroaren 14an, Javier Mina ere izango da.

Jaialdia hasi aurretik, Literaktum Aperitif izeneko atalaren markoan, Ander Izagirrek Martín Caparrós idazle argentinarra elkarrizketatuko du. Hitzordua azaroaren 7an izango da, Ernest Lluch Kultur Etxean eta bertaratutakoek Caparrosen ‘Antes que nada’ liburuan sakontzeko aukera izango dute.

Bestelako ekitaldiak

Kutxa Fundazioak antolatutako Donostia Literatura Sarien banaketa eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako “Literaktum Txikia” ilustrazio lehiaketaren IV. edizioa ere izango dira jaialdian. Oraingoan, ilustrazioen gaia Toti Martínez de Lezeak sortutako Nur pertsonaia izango da. Marrazkiak Donostiako hainbat liburutegitan aurkeztu ahal izango dira urriaren 28tik azaroaren 12ra bitartean.