Lurjale

Behin eta berriz diotsut “gure elikadura-eredua ez da jasangarria, mauka-mauka Lurra jaten ari gara”. Abenduan esan nizun eta traslazioak bultzatuta, bueltan nator. Den-denak gure planetaz berba egiten dugu, baina inor ez da arduradun egiten. Hori dela eta, The Lancet zientzia-aldizkariak argitaratutako artikuluan, hamasei herriko osasun, nutrizio, ingurune-jasangarritasun eta politika adituek irizpideak bateratu dituzte.

Lehenengo urratsa: nekazaritzaren eta abeltzaintzaren ingurumen-inpaktua murriztea. Diotenez, ekoizpen-eredua kudeatzea ez da hain korapilatsua: lurraren erabilera doituz, ongarri- eta ura-erabilera optimizatuz, lurrean gehiegizko nitrogeno aplikazioa saihestuz… klima-aldaketa geldiarazi daiteke. Horretarako, nekazaritza-ikerketan diru publikoa inbertitzea behar-beharrezkoa iruditzen zaie.

Bigarren urratsa: dieta aldatzea. Diotenez, elikadura iraunkorreko eredu on batek 180 graduko errotazio-higidura eragin lezake. Gosete-urteen ondoren, 60ko hamarkadan elikadura-sistemak iraultza jasan zuen. Erabilgarritasun handiak bizi-itxaropena hobetu zuen: haurren gosea eta hilkortasuna txikiagotuz. Denboraz, ordea, elikadura-zatarran bilakatu da: kontsumo erosahalmenak prozesatutako produktuen salmenta igoera ekarri zuen, hiperkalorikoa dena (azukrea, irin findua) eta abere-jatorri ekarpen askorekin. Bestalde, zenbatetan entzun dut: badakit (badakigu) zeintzuk diren jarraibide dietetikoak; hortaz, zergatik ez dituzu jarraitzen? Fruitu fresko eta lehor, , barazki, lekale, hazi eta ale integral gutxi kontsumitzen ditu gizarteak. Eutsezina eta osasun arriskuak sortzen dituen kontsumoak ditu. Ondorioak, sexu arriskutsua, alkohola, drogak eta tabakoa batuta sortutako ondorioekin alderatzen dira –azken horiei garrantzia kendu gabe–.

Horregatik zientzialariek dieta-adibidea proposatu dute, herrira moldatu behar izango den dieta: haragi eta azukre mundu-kontsumoa zorrozki murriztuz (50g eta 30g baino gutxiago, hurrenez hurren); barazki, fruitu eta lekaleen kontsumoa bikoiztuz; eta elikagarri-hondakinak erdira gutxituz (2.500 kaloriako dietan).

Beste ekimen batzuk daude: Healthy eating Plate (Harvard School of Public Health), Canada’s Food Guide (Government of Canada), Estratègia PAAS ( Agència de Salut Pública de Catalunya) edota Euskadiko Elikadura Osasungarrirako Ekimenak (Eusko Jaurlaritza). Jarraibideak antzekoak dira beti, hitzarmen zientifikoa mundiala da. Baten bat, jarduera eta sukaldeko gomendioak ditu; baina gaurkoan, beste zainketak nabarmendu nahi ditut. Ultraprozesatuak mugatzeko beharra azpimarratzen dute, elikadura-marketinarekin neurriak hartu eta etiketatzea irakurri; konpainian jan, denbora hartuz eta kontziente izanda. Urratsez urrats aldaketak egin beharko ditugu, baina eraginkortasunik gabeko ekimenekin, ez gaituzte laguntzen. Osasun-sistemak eta elikagaien industriak egindako azkeneko akordioak, adibidez. Azukre, gatz eta koipe edukiak % 10 gutxitzeak ez ditu ultraprozesatuak osasungarri bihurtuko. Digestio-gailetak, esaterako, azukrearen % 18 izatetik % 16 izatera pasatuko dira, eta koipeen % 21etik % 19ra. Oso digestio-lagungarriak.

2050. urtea jarri dute lortzeko helburua. Helduen hilkortasun-tasa % 20 txikiagotuko luke, gaixotasun kardiobaskularrak, gizentasunak eta minbiziak eragindako hilkortasuna bereziki. Aizu lurjale! Ez itzazu gobernuen aldaketak itxaron, eragin itzazu. “Lurrak pertsona bakoitzaren beharrak hornitzeko adina ekoizpena du, baina ez pertsona bakoitzaren zekenkeriak hornitzeko” (Mahatma Gandhi).

Nerea Segura

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.