Maitane Alonso Monasterio: “Gogoekin eta ilusioarekin, proposatzen duzun guztia lor daiteke”

Pasa den maiatzean Estatu Batuan sari bat jaso zenuen elikagaien bizitza erabilgarria luzatzen laguntzen duen makina bat asmatu eta garatu duzulako. Nola bururatu zitzaizun horrelako makina bat sortzeko ideia?

Bada, ideiak etxean bizi dugun egoera batean izan zuen bere abiapuntua. Gure etxean barbakoak ditugu gustuko eta, gainera, janari pila kozinatzeko ohitura dugu. Kontua da, janari hori guztia ez genuela jaten eta ondorioz, kopuru garrantzitsu bat zaborrera bota behar izaten genuen. Hori ikusita, zaborrera botatzen den elikagaien inguruan kezka sortu zitzaidan eta mundu mailan ekoizten diren elikagaien heren bat inguru zaborrera botatzen dela ikusi nuen. Gai horrek, nolabait, nire bokazioa den medikuntzarekin ere bat egiten zuen; izan ere, zenbait minbizi kasuk badute lotura elikagaien kontserbazioarekin.

Eta kezka horretatik abiatuta nola iritsi zinen diseinatu duzun makinara?

Kasualitateak eraman ninduen makina hori diseinatzera. Kontuan izan nik ez nuela horrelako gailurik sortzeko inolako aurre-ezagutzarik. Etxeko airea garbitzeko makina bat erosi nuen. Egun batean, nire nebak zapatilak utzi zituen makinaren ondoan eta makina horren funtzionamenduari esker zapatilen kiratsa desagertzen zela ohartu nintzen. Horrek buruan nuen kezkari irtenbide bat emateko baliagarria izan zitekeela pentsarazi ninduen. Azken finean, zapatiletatik datorren kiratsa mikroorganismoek sortzen dute eta horiekin amaitzeko aukera bazen, elikagaien kontserbazioan ere horrelako zerbait egin zitekeela pentsatu nuen. Animatuta, prototipo bat eraikitzen hasi nintzen eta lehenengo frogak egin ostean konturatu nintzen bide zuzenetik nihoala.

Beraz, zertan datza zuk asmatu duzun makina hori?

Funtsean, elikagaiak aire tratatuarekin ontziratzean datza makinak egiten duen prozesua. Makinaren osagai nagusietako bat sorgailu elektriko bat da. Osagai horrek, deskarga elektrikoen bidez, airean diren molekulak disoziatzen edo banatzen ditu eta, aldi berean, bertan diren mikroorganismoekin akabatzen du. Molekula horiek oso ezegonkorrak direnez, berera bueltatzeko joera dute eta, ondorioz, elikagaia aurretik zegoen atmosferan geratzen da, baina kaltegarriak izan daitezkeen mikroorganismorik gabe. Horri esker, eta elikagaiaren arabera, horien bizitza erabilgarria nabarmen luza dezakegu. Gainera, azpimarratu nahiko nuke garatu dudan makinak ez dituela inolako produktu kimikoak erabiltzen eta ondorioz, guztiz osasungarria da. Eta ez hori bakarrik, ingurumenari begira ere askoz ere jasangarriagoa da ez baita plastikorik erabili behar.

Horrelako makina bat izan genezake etxean ala industrian erabiltzeko pentsatuta dago?

Hasierako prototipoa etxeetan erabiltzeko pentsatuta zegoen. Makina txikia, erabilerraza eta merkea zen. Nire asmoa zen etxeetan erabil zitekeen makina bat diseinatzea ahalik eta janari gutxien zaborrera botatzeko eta, horrela, dirua ere aurrezteko eta, baita osasunean pentsatuta ere, hainbat gaixotasun ekiditeko. Ikerketak aurrera egin ahala, makina industrial bat ere garatu nuen. Kasu horretan, nagusiki, supermerkatuetara edo jatetxeetara bideratutako makina bat izango litzateke. Makina horrek elikagaiak denbora luzeagoz mantentzeko aukera emango luke eta horrela ez litzateke hainbeste janari xahutuko.

Enpresa ikuspegi batetik abiatuta baino ikerketa ikuspegi batetik garatu duzu zure makina. Nola izan ziren hastapen horiek?

Hau guztia nire familiari esker lortu dut; ekonomikoki ez ezik, animikoki ere asko lagundu didatelako. Azaldu dudan bezala, makina hori nire kezka baten ondorioa da. Niretzat ikerketa proiektu bat izan da eta bide horretatik eman nituen lehen urratsak, Elhuyarren Zientzia Azoka, hain zuzen ere. Bertan saria irabazi eta Expocerca Jovera joateko aukera izan nuen, Katalunian. Han ere lehen saria lortu nuen eta baita epaimahaiaren ohorezko aipamena ere. Horrek Txilera joateko aukera eman zidan, ESI AMLAT izeneko nazioarteko azoka batera hain zuzen ere. Hortik bueltan nire medikuntza ikasketak hasi nituen UPV/EHUn eta irakasleen aldetik laguntza handia jaso nuen. Mikrobiologiako irakasle Elena Sevillanok adibidez bere laborategia utzi zidan proiektua garatzen jarraitzeko. Proiektua hobetu ostean aurten bertan Expocerca Jovera aurkeztu nintzen beste behin eta, berriz ere, lehenengo saria irabazi nuen. Horrez gain, biologiako sari berezia eta Intelek ematen duen beste sari bat ere irabazi nituen. Azken horrek Estatu Batuetan (Phoenix/Arizona) ospatzen den Intel ISEF lehiaketan parte hartzeko aukera eman zidan. Bertan, jasangarritasun ataleko lehen saria eta mikrobiologia ataleko bigarren saria irabazi nituen eta horri esker, Massachusettseko Teknologia Institutuak nire izena jarriko dio asteroide bati!

Eta hemendik aurrera zer?

Momentuz makina garatu beharra dago. Horretarako, besteak beste, UPV/EHUko Mikrobiologia Sailarekin zenbait esperimentu egiteko hitzarmena daukat. Horietan zenbait patogeno zehatzekin lan egiteko aukera izango dut eta, azken finean, makinari esker zein gaixotasun ekidin daitezkeen edo ez jakin ahal izango dugu.

Nire aldetik, ikertzen jarraitu eta ahal den neurrian makina hobetzen jarraitu nahi dut. Ametsa makina merkaturatzea litzateke guztien eskura jarri ahal izateko.

Zure esperientzian oinarrituta gazteen artean zientzia sustatzeko hitzaldiak ere ematen hasia zara. Zer esango zenieke, zu bezala, ideia bat garatzeko aukera izan dezaketen gazte horiei guztiei?

Ez etsitzeko. Normalean jasoko duten lehen erantzuna beti izango da ‘ez’. Baina jarraitzen badute, azkenean laguntzeko prest dagoen norbait aurkituko dute. Nire kasuan, jada aipatu dudan familiaz gain, zenbait enpresen (Kilse SL, MAGMA, J-Pack, Eurozon, Harakintza, Luis Thate eta Ameztoi Anaiak) eta Gueñeseko Udalaren laguntza jaso nuen. Zoritxarrez, gazteen ikerketa ez da asko sustatzen den esparrua, baina, esan dudan bezala, ez etsi. Gogoekin eta ilusioarekin, proposatzen duzun guztia lor daiteke.

Iruzkin 1

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.