Ziber-indarkeria gero eta ohikoagoa omen da nerabeen artean. Zein izango litzateke fenomeno hori emateko arrazoi nagusia?
Gure ikerketan bikotekide harremanetan ematen den ziber-indarkeria aztertu dugu, ez ziber-indarkeria orokorrean. Gure ustez ezinbestekoa zen aztertzea maitasun harremanetan ematen diren online indarkeriak, nolabait ere, offline ematen ziren horiek, beste modu batera bada ere, orain online ere errepikatzen direla ikusi baitugu. Azken finean, ziber-indarkeria teknologia berrien bidez ematen den indarkeria da eta gailu ezberdinen bidez eman daiteke: telefonoak, ordenagailuak… Kontuan hartzen badugu gailu horiek ia-ia gure gorputzaren luzapen bat bilakatu direla indarkeria mota horren eraginpean egotea ia etengabeko mehatxua bilakatu da.
Zuk zeuk egin duzun doktorego tesian azaltzen duzun moduan, ‘indarkeria adierazleak nerabezaroan hasten dira’. Ba al da horretarako arrazoi berezirik?
Lehen maitasun harremanetan indarkeria egoera multifaktorial baten ondorioa denez, hau da, indarkeria hainbat faktorek eragin dezaketenez (antsietatea, adimen emozional baxua, depresioa, enpatia falta…), horren inguruan egiten den edozein azterketak hori hartu behar du kontuan. Hortaz, badira aldez aurretik indarkeria hori baldintza dezaketen eta ikusgarri diren zenbait arrisku. Ebidentzia zientifikoa ezinbestekoa bada ere, nire ustez beharrezkoa da adingabeen planoa ere aztertzea, askok teknologia berriak modu arduratsuan erabiltzen dituztelako.
Ikerketan ikusi ahal izan dugunez, nerabeei bizirauten lagundu behar diegu. Adin zaila da eta zein bide jarraitu beharko lituzketen erakutsi behar diegu. Azken finean, bizitzera irakatsi behar diegu, baina hori, noski, oso zaila da.
Save the Childrenen txosten baten arabera hainbat gaztek genero-indarkeria normalizatu dute. Emakunderen datuen arabera, berriz, 2019an EAEn inoiz baino indarkeria kasu gehiago eman dira nerabeen artean. Ez gaude, beraz, fenomeno puntual baten aurrean…
Ez da fenomeno berri bat. Garai honetan modu ezberdinean ematen den fenomeno bat da. Offline indarkeriak hor darrai, baina orain, gainera, online planora ere pasatu da eta hor, oso abiadura handian mugitzen da. Gurasoen edo profesionalen kasuan, kezka eragiten duena da indarkeria hori kontrolatzeko abiapuntua guztiz ezberdina dela. Online indarkeria kasuetan ibilbidea guztiz ezberdina da, baina nerabeentzat teknologia berriak ‘naturalagoak’ dira, horiekin bizitzera ohituta daudelako. Hortaz, helduon papera ez da indarkeria hori nola ekidin daitekeen aztertzea, baizik eta nola lagun dezakegun ikustea. Prebentzioa ezinbestekoa da, baina horretarako ez dugu nerabezarora arte itxaron behar, lehenago egin behar da. Horregatik, gure programan maitasun harremanetan ematen den indarkeria landu aurretik erregulazio emozionala eta Interneten arriskuak eta indarkeria motak lantzen ditugu.
Indarkeriaz hitz egiten dugunean, normalean, eraso fisikoak etortzen zaizkigu burura. Ziber-indarkeriaren kasuan zein indarkeria motaz hitz egiten ari gara?
Nire tesian jada ikusi ahal izan nuenez, gehien ematen diren indarkeria motak ahozkoa eta emozionala dira. Fisikoaz baino, indarkeria psikologikoaz ari gara. Indarkeria fisikoa, normalean, konpromiso maila handiagoa denean gertatzen da eta hori ohikoagoa da heldutasunean eta ez hainbeste nerabetasunean. Aurretik eman ohi den indarkeria erlazionala eta emozionala izaten da: irainak, xantaia, mehatxuak, kontrola, pasahitzak partekatzea, geolokalizazioa eskatzea…
Interneten erabilerak eta horren bidez ematen diren indarkeria motak tentuz aztertu behar dira, ez baitira nerabezaroan soilik ematen diren fenomenoak.
Noranzko bakarreko indarkeria al da? Zein da erasotzailearen profil nagusia? Eta biktimarena?
Guk ikusi ahal izan dugunez, nerabezaroan ematen den online indarkeriak noranzko bikoa dauka.
“Guk ikusi ahal izan dugunez, nerabezaroan ematen den online indarkeriak noranzko bikoa dauka, hau da erasotzaileak neskak zein mutilak izan daitezke eta biktimekin gauza bera gertatzen da”.
Helduagoak direnean, eta burutu egin ahal izan ditugun zenbait ikerketak horrela erakutsi dutenez, normalean, erasotzaileak mutilak izaten dira eta biktimak, berriz, neskak.
Online indarkeria kasuek zuzeneko harremana dute offline kasuekin? Transferentzia bat al dago?
Ikerketek esaten dute biak batera eman ohi direla, hau da, online ematen bada offline ere emango da. Azken finean txanpon beraren alde biak lirateke. Egia da online planoan ematen den indarkeria, sarritan, oso zaila izaten dela hautemateko. Azken finean, nerabeek egun osoa ematen dute gailuekin eta, ondorioz, arriskua etengabea da, ez da une zehatz batera mugatzen.
Gauza bera gertatzen da, adibidez, adin horietan ematen den pornografia kontsumoarekin.
Zuen ikerketan azpimarratzen duzuenez, horrelako indarkeriak eragin negatiboa du gazteen osasun mentalean.
Kasu honetan, babes faktore batzuk eta arrisku faktore batzuk ditugu. Babes faktoreak ez daudenean arrisku planoan sartzen zara bete-betean. Adibidez, familian indarkeria kasuak eman badira arrisku faktore bat dugu, nerabe horrek ‘normaltzat’ ikusi ahal baititu horrelako jokabideak. Gauza bera lagunen artean indarkeria kasuak ikusi badira. Eta maila pertsonalean, norberaren ezaugarriak faktore erabakigarria izan daitezke bai erasotzaile izateko, bai biktima izateko. Sintomatologia gehienek zuzeneko harremana dute indarkeriarekin.
Puntu honetan, lekukoaren planoa ere azpimarratu nahiko nuke. Guk nerabeekin lan egin dugunean beti azpimarratu izan dugu horrelako indarkeria kasuen aurrean jarraitu beharreko urratsak. Gure ustez ardura ez da soilik erasotzailearen. Fokua ezin da bakarrik erasotzailearengan eta biktimarengan jarri. Arazo honetan bi plano baino gehiago daude eta beste guztion ardura ere bada. Kontua da indarkeriaz hitz egiten denean pisua erasotzailearen gainean edo biktimaren gainean utzi ohi dela. Eta biktima eta erasotzailea ez al dira beste inor gehiagorekin izan? Inor ez al da konturatu?
Baina, online indarkeria sotilagoa da, eta, hainbat kasutan, indarkeria mota horren barruan sartzen diren zenbait jokabide ere normalizatuta daudela esan liteke…
Horregatik, ziber-indarkeria aztertzen hasi aurretik, bai hala bai, maitasun erromantikoaren mito hori guztia apurtu behar da. Hori nerabezaroa baino lehen landu behar da. Funtsean, honen guztiaren atzean generoaren sozializazioa dago. Neskei eta mutilei estereotipo batzuk ezartzen zaizkie jaio aurretik ere. Eta ildo horretan ematen da maitasun erromantikoaren mitoa eta horri lotuta dagoen kontrola. Arazoa da kontrola disoziatu egin daitekeela; ulertu daiteke kontrola ona eta txarra bezala. Dinamika horrekin apurtzeko, interesgarria da erasotzaile-biktima dikotomia horrekin apurtzea.
“Nahiz eta nerabeek badakiten jarrera sexistak eta maitasun erromantikoaren mitoak identifikatzen, online mundu horretan ez dute gogoeta hori egiten, ez dute horretan pentsatzen”.
Nahiz eta nerabeek badakiten jarrera sexistak eta maitasun erromantikoaren mitoak identifikatzen, online mundu horretan ez dute gogoeta hori egiten, ez dute horretan pentsatzen.
Nola bereiz daitezke zuzenak eta okerrak diren jardunbideak? Zenbait kasutan, argi dago, baina beste batzuetan, berriz, lerroa oso fina izan daiteke…
Autokontzientzia eta autoezagutza piztu ez ditugulako ematen da hori. Genero sozializazioa oso barneratuta dugu, txikitatik. Ondorioz, zaila da zenbait indarkeria mota hautematea.
Garbi dago norberaren eskema kognitiboarekin apurtzea oso zaila dela, guztia ulertzen hasten zaren moduan guztia zalantzan jartzen hasten zarelako. Eta horrek erosotasun eremutik ateratzea suposatzen du.
Zer egin daiteke, zure ustez, horrelako indarkeria saihesteko?
Ez dago makiltxo magikorik. Guztion ardura da eta guztiok jarri behar dugu gure aldetik: familia, hezkuntza, norbera… Egia da dena ez dela beltz kolorekoa. Badira Interneten erabilera arduratsua egiten duten gazte asko, baina hori ez da albiste. Beti mezu ezkorrak errepikatzeko ohitura dago.
Indarkeria kasu garbiak izozmendiaren tontorra dira, baina horretara iristeko prozesu bat eman da, aurrekari batzuk daude, eta prozesu horretan lan egin behar da arazoa gehiagora joan ez dadin. Baina erosoena da arazoa erasotzailean eta biktiman fokalizatzea.
Azken urteak bereziak izan dira. Pandemiak eragindako itxialdiak zein nolako eragina izan du, izan badu, fenomeno honetan?
Guk ez dugu berez ziber-indarkeria aztertu Covid garaian. Bai aztertu dugu Covidak hainbat adin-taldetan izan duen eragina eta guztietan ikusi dugu estres- eta antsietate-mailek gora egin dutela. Horrelako sintomatologiak arriskuak izan daitezke indarkeria kasuetan. Hortaz, nik bai esango nuke itxialdiak eragina izan duela, baina hori, epe motzean baino gehiago, epe ertain eta luzera ikusiko dugu.