Martxoak 8: Emakume langilearen eguna

Martxoaren 8an Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna ospatzen da mundu osoan. Historikoki, martxoak 8an burutzen den aldarrikapen egun horrek 1908. urtean New York hiriko “Cotton” izeneko ehun-fabrika batean jazotako sute batean du jatorria. Aipatu urteko martxoaren 8an 129 emakume hil ziren aipatu lantegiak su hartu zuenean, antza denez, jabeak eraginda emakumeak greban jarri zirelako. Emakume langileen eskubideak aldarrikatzeko eguna martxoaren 8 izatea erabaki izana gehienetan aipatu jazoerara lotu da, baina, antza denez, hori ez da guztiz zuzena eta, izan badira, egun hori aukeratzeko beste zenbait arrazoi.

Bestelako gertaerak

‘Cotton’ enpresan gertatutakoaren antzekoa hiru urte beranduago errepikatuko zen “Triangle Shirtwaist Company” izeneko enpresan, hori ere Estatu Batuetan. Kasu horretan, hainbat emakume hil ziren fabrikan sortutako sute baten ondorioz, martxoaren 25ean, hain zuzen ere. Bi egun beranduago, hots, martxoaren 27an, Nazioarteko Emakume Langilearen I. Nazioarteko Eguna burutu zen. Aldarrikapen egun horren zuzeneko jatorria aurkitu nahian, Harvard Unibertsitateko Ana Isabel Álvarezek zenbait ideia esanguratsu azaltzen dituen lana kaleratu zuen pasa den mendearen amaieran. Horrela, lan horren arabera, “Triangle Shirtwaist Company”n gertatutakoak eragin historiko handia izan zuen, baina ezin da, inolaz ere, aldarrikapen egun horren jatorritzat hartu.

Europara begiratu behar

Estatu Batuetan garatutako teoria bi horiek alde batera utzita, martxoak 8 aldarrikapen egunaren jatorria Europan bilatu beharra dago. Zentzu horretan, Clara Zetkin emakumearen figura azpimarratu behar da. Izan ere, aldarrikapen egun horren ideia berea izan zela baieztatzen dute historiagile askok. Clara Zetkin XX. mendearen hasieran emakume sozialisten buru izan zen eta 1910. urtean izandako biltzar batean halako ideia bururatu zitzaion. Antza denez, Zetkin jada EE.BBetan emakumeentzako boto eskubidea aldarrikatzeko ospatzen zen ‘Women’s Day’ delakoan oinarritu zen. Álvarezek bere liburuan azaltzen duenaren arabera, Europan hasitako aldarrikapen egun hori, Amerikan egiten zenaren antzera, boto eskubidea eskatzeko sortu zen.

Sobietar Iraultza

Horrela, 1911. urtean jada egun hori ospatzen hasi ziren Europan (Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan), baina ez martxoaren 8an, martxoaren 19an baizik. Hori izan zen benetan nazioarte mailan emakumeen eskubideak aldarrikatzeko burutu zen lehen aldarrikapen eguna eta bertan milioi bat emakumek parte hartu zutela uste da. Data hori zenbait urtez mantendu zen, baina 1917. urtetik geroztik, martxoaren 8an ospatzen hasi zen. Zergatik? Erantzuna Errusiar Iraultzan bilatu behar da. Iraultzari esker Tsar-a agintetik bota eta langileriak kontrolatutako estatua eraikitzea lortu zen. Sortu berria zen estatu sozialista horretan, lehen aldiz historian, emakumeek bozkatzeko eskubidea lortu zuten. Horrez gain, elikagai eskasiarengatik matxinatu zen emakume talde baten omenez, martxoaren 8a Nazioarteko Emakume Langilearen Eguna izatea erabaki zen.

5 Iruzkin
  • AUPA EMAKUMEAK!!

  • EZ EMAKUMEENGANAKO INDARKERIARI

  • KAISO NI EMAKUMEA NAIZ ETA ZER?

  • GORA EMAKUMEAK EZ DITUGU GIZONAK BEHAR

  • NO A LOS VIEJOS VERDES!

Iruzkinak itxiak daude...