Pasa den martxoaren 14an Pi (π) zenbakiaren nazioarteko eguna ospatu zen, hots, hirugarren hilaren hamalaugarren egunean. Ospakizuna 1988. urteaz geroztik egiten da eta proposamena Larry Shaw ikertzailearena izan zen. Estatu Batuetan datak “hilabetea/eguna/urtea” formatua jarraituz idazten omen dira eta martxoaren hamalauak π zenbakiarekin bat egiten zuela ikusirik Shaw-ek proposamena luzatu zuen. Egun horretan gainera, Albert Einstein zientzialariaren jaiotza ere ospatzen da.
π zenbaki irregularra da eta, ondorioz, ez da inongo zenbaki osodun espresio aljebraikotik lortzen. Oso zenbaki garrantzitsua da matematikan zein geometrian zirkunferentzia baten luzeraren (perimetroaren) eta bere diametroaren arteko zatidura kopuru konstantea dela azaltzen duelako. Jada antzinako jakintsuek harreman horren berri zuten, adibidez, Mesopotamian edo Grezia klasikoan, baina zailtasun handiak zituzten harreman hori zenbaki zehatz batean azaltzeko eta, adibidez, Arkimedesek 223/71 eta 22/7 artean kokatzen zela azaldu zuen. Seguruenik, Arkimedesek bere garaian ez zuen horren berri izango baina gaur egun dakigunez, π zenbakiak 22 bilioi dezimal baino gehiago ditu. Lehenengo 100 mila Illinoiseko Unibertsitatearen web orrialdean ikus daitezke.
π zenbakiaren izena William Jones matematikariaren asmakizuna da. 1706. urtean Jonesek periphereia hitz grekoaren lehen letra erabili zuen zenbaki hori izendatzeko (p=π).