Abenduaren 16tik 18ra bitartean Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Mazoka– Marrazki Azokaren VIII. edizioa hartuko du. Aurtengo ediziorako aukeratu den leloa ‘Mazoka Bertan da!’ da eta kartela Inge Condek diseinatu du.
Antolatzaileek ezagutzera eman dutenez, guztira, 40 ‘mazokalarik’ parte hartuko dute. Bertan izango dira, besteak beste, estatu mailan izen handia duten honako profesional hauek: Mar Ferrero (Madril), Celsius Pictor (Ourense), Bea Enríquez (Madril), Xabier Casals (Andorra), Mar Villar (Alacant) Mario Jodra (Zamora), Nuria Hernández (Bilbo), Jenni Kärnä (Finlandia) eta Miren Asiain Lora (Iruñea). Gasteizko ordezkariak, berriz, honako hauek izango dira: Lucía Cámara, Patricia Nagashiro, Helena Malvido eta Jon Caro. Aurtengo IDearte beka irabazi duen Maider Leturiaga ere bertan izango da.
Hainbat jarduera
Montehermoso Kulturuneko Ur Biltegiko ganga-formako espazioa teknika, euskarri eta neurri mota guztietako lan originalak ikusgai izango dituzten postuz beteko da. Baina horiez gain, marrazkiaren, grafian eta musikaren boterean oinarritutako beste hainbat jarduera ere izango dira.
Horietako bat Nafarroako Musikako Goi Kontserbatorioko Etnomusikologiako katedradun titular eta musikologo Carolina Queipo Gutierrez doktoreak Mendebaldeko musikaren historiari buruz eskainiko duen hitzaldia da.
Ildo berean, Leire Colomok (bateria), María Antúnezek (gitarra) eta Izaskun Simónek (saxofoia) jam session bat eskainiko dute. Mazokak erronka botako die eta pantaila batean proiektatutako ilustrazioei musika jarriko beharko die.
Azokak gune bat eskainiko die gaztetxoenei: Dibutekaz, horma ilustratuaz eta musika, konposizioa, collagea eta ilustrazioa elkartzen dituen MusiKollageko tailerraz gain, Mazokak Musas eta Fusas taldeak eskainitako ‘IpuinKantalariak’ euskarazko ikuskizun musikatua proposatu nahi du.
Jaialdiak iraungo duen hiru egunetan, Montehermosok Inge Conde konpositoreak eta ilustratzaileak egindako ‘MD 60-66’ lana izango du ikusgai.
Programa osatzeko, ilustrazioko profesionalentzako eta ikasleentzako jardunaldia, ‘Hau ez da akordeoi bat, nire marrazketa-koadernoa da’ enkoadernazio-tailerra, bisita gidatuak, aurkezpenak, sinatze-ekitaldiak, ilustramatoia eta sormena zuzenean eskainiko dira.