Joan den urtarrilean “The Lancet Psychiatry” aldizkarian argitaratutako ikerketa batek gorputz-asegabetasunaren eta gazteen depresio-arriskuaren artean izan daitekeen harremana aztertu du. Londreseko University Collegeko ikerketa-taldeak egin duen ikerketaren arabera, gazteen artean gero eta handiagoak dira depresioaren, gehiegizko pisuaren eta gorputzaren asegabetasunaren prebalentziak. Horien artean izan daitekeen harremana aztertzeko egileek Gorputz-masaren Indizearen (GMI) bilakaera, gorputzaren irudiari buruzko kezkak eta denboran zehar adingabeek izan dituzten depresio sintomak aztertu dituzte.
Horretarako 2000 eta 2002 urteen artean jaiotako 13.135 gazteren datuak aztertu dituzte. Egileek ondorioztatu ahal izan dutenez harreman esanguratsua dago gorputz-masaren indizearen (GMI) eta sintoma depresiboen artean, 7-14 urte bitarteko gazteen artean. Asegabetasuna ohikoagoa da neska gazteen artean mutil gazteen artean baino.
Osasun mentala
Ikerketaren emaitzek ondorio esanguratsuak izan ditzakete osasun mentalean eta osasun publikoko estrategien diseinuan. Egileek adierazi dute haurtzaroan gorputzaren asegabetasunari heldu behar zaiola, ondorengo etapetan depresioa prebenitzeko. Era berean, ohartarazi dute soilik pisua galtzera bideratutako esku-hartzeek eragin negatiboa izan dezaketela gazteen ongizate emozionalean. Eragin negatibo hori gorputz-asegabetasun, antsietate, autoestimu baxu edo osasun mentaleko beste arazo gisa ager liteke.
Horrenbestez, egileek adierazi dute garrantzitsua dela gazteen osasun fisikoari heltzea, haien osasun mentala zaintzearekin batera. Bi arloak modu orekatuan sustatzen dituzten estrategia integralak iradokitzen dituzte, erru, lotsa edo gorputzaren asegabetasun sentimenduak eragin ditzaketen ikuspegiak saihestuz.
Azken batean, azterlanaren emaitzek erakusten dute gorputzaren asegabetasunak funtsezko zeregina duela GMIren eta nerabeen artean depresioa izateko arriskuaren artean dagoen harremanean. Egileek osasun mentalerako arriskuei buruz ohartarazten dute, baldin eta gehiegizko pisuko arazoak dituzten adingabeek haurtzaroko pisu-galeran soilik oinarritutako programetan parte hartzen badute.