Honor telefono ekoizleak Adimen Artifizialaren erabilera beste dimentsio batera eraman du bere gailuetan. Izan ere marka horretako telefonoek orain arte ikusi ez diren bi funtzio izango dituzte teknologia horri esker: miopiaren aurkako funtzioa eta albiste faltsuak hautemateko funtzioa.
Telefonoarena bezalako pantailak denbora luzez erabiltzen direnean miopia bezalako arazoak sor daitezke gure ikusmenean. Arazo hori arintzeko, Honor ekoizleak Begietako Babesaren teknologia garatu du AA desfokuratzearekin. Funtzio horrek desfokuratze-betaurrekoen efektua emulatzen du gailuen pantailetan, eta ikusmen periferikoan desfokuratze kontrolatua eragiten du.
Prozesua diseinatuta dago miopiaren kausa nagusietako bat den begiaren elongazioa moteltzeko. Hasierako proben arabera, erabiltzaileek 13 graduko batez besteko murrizketa izan dute miopia iragankorrean, 25 minutuko irakurketaren ondoren, eta 75 graduko murrizketara ere iritsi dira kasu batzuetan.
Bestalde, konpainiak albiste faltsuak edo deepfake delakoak hautemateko teknologia ere garatu omen du. Horri esker, Honor gailuek hainbat faktore aztertzen dituzte, hala nola ikusizko kontaktua, argiztapenaren trinkotasuna, irudiaren argitasuna eta bideoaren erreprodukzioa, giza begian oharkabean igaro daitezkeen ‘akatsak’ detektatzeko.
Iruzurrekin lotutako bideoen eta irudien datu-multzo zabal batekin trebatuta, hiru segundoan edukia identifikatu eta aztertzeko gai da. Eduki sintetikoa edo aldatua detektatzen bada, sistemak berehala ohartarazten du erabiltzailea, engainu posibleetatik babestuz.