Hego Korean vouyerismo-bolada bat bizi dute. Molka Porn izenarekin ezagutzen den mugimenduak indar handia du Asiako herrialde horretan. Funtsean, kamera ezkutu bat erabiliz emakumeak leku publikoetan grabatzean datza aipatu mugimendu hori, nagusiki, komunetan. Horietako bideo gehienetan ez da jarduera sexualik ikusten, baina emakumezkoen duintasuna erasotzen da euren intimitatea azaltzen delako baimenik gabe.
2012. eta 2017. urteen artean Hego Koreako poliziak hamasei mila pertsona baino gehiago atxilotu ditu horrelako edukiak partekatzeagatik. Kasu gehienetan (% 84) biktimak emakumeak ziren.
Berriki ezagutzera eman denez, horrelako eduki gehien partekatzen zituen web-orrialdearen (soranet) jabeari lau urteko kartzela zigorra ezarri diote. Aipatu web-orriak milioi bat bisitari baino gehiago zituen eta Molka Porn irudiak ez ezik, “mendekuzko pornografia” edukiak ere partekatzen zituen. Aipatu web-orria 2016. urtean itxi zuten emakumeen eskubideen aldeko hainbat eragilek egin zuten presioagatik.
Betaurrekoak, erlojuak, zapatak… Edozein objektu bilakatu da arriskutsu Hego Koreako emakumeentzat. Garapen teknologikoari esker gero eta errazagoa egiten da eduki pornografikoen grabaketa eta zabalkundea
Hego Koreako presidenteak berak kamera ezkutuen arazoa larritzat jo du. Moon Jae-in-en esanetan, “kamera ezkutuen erabilera gure egunerokotasuneko kontua bilakatu da”.
Pasa den urtean 30.000 emakume gazte baino gehiago izan ziren praktika hori salatzeko Seulen antolatu zen manifestazioan. Gorriz jantzita, manifestazioan parte hartu zuten emakume gehienek euren aurpegiak estali zituzten errepresaliak ekiditeko. Horietako askok kamera ezkutuak bilatzeko taldeak antolatu dituzte.