Europako Batzordeak Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL Hezkuntza Dualerako Europako Unibertsitate Partzuergoa aukeratu du, beste hiru egitasmorekin batera, ‘Europako Unibertsitateak’ ekimena garatzeko. 52 izan dira aipatu ekimenera aurkeztu diren egitasmoak. Horien artean Europako Batzordeak aurretik ziren 16 aliantza eta beste 4 berri hautatu ditu. Azken horien artean Mondragon Unibertsitatea buru duen EU4DUAL dago. Partzuergo horretan, Europako beste 8 unibertsitatek parte hartzen dute: Duale Hochschule Baden-Württemberg (Alemania), FH JOANNEUM Gesellschaft mbH (Austria), Savonia UAS (Finlandia), ESTIA Institute of Technology (Frantzia), Neumann János Egyetem (Hungaria), PAR University College (Kroazia), Malta College of Arts, Science and Technology (Malta) eta Koszalin University of Technology (Polonia). Partzuergoa osatzeko MUk Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren laguntza izan du Unibertsitatea-Enpresa II estrategiaren bidez.
Formakuntza duala eta Europako erronkak
EU4DUALaren xedea da, formakuntza dualaren bidez, Europak aurre egin behar dien erronkei erantzuna ematea: klima-aldaketa, deskarbonizazioa, digitalizazioa eta zahartze osasungarria. EU4Dual aliantza etorkizuna iraunkorragoa izaten eta gizartea eta enpresak arduraz garatzen laguntzeko ezagutzak sortzen saiatuko da, hezkuntzaren eta I+G+B jardueren bidez. Horretarako, industria 5.0, zahartze osasungarria eta ekonomia berdea bezalako esparruetarako adituak trebatuko dituzte partzuergoa osatzen duten kideek.