Pasa den martxoaren 21ean Trafiko lege berria sartu zen indarrean. Lege berriak mugikortasun pertsonalerako ibilgailuen erabilera arautzen du eta errepidean oso zaurgarri diren ziklistak bereziki babestu nahi ditu.
Trafikoa, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioa eta Bide-segurtasuna legeak, lehen aldiz, mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak (MPI) aintzat hartu ditu. Legea berriak ezartzen duenez, MPIen erabiltzaileek derrigorrez kaskoa jantzi beharko dute. Gainera, berariaz debekatzen da mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak eta txirrindulariak ezin direla espaloietan, autobideetan eta autopistetan ibili. Gazteei dagokienez, legeak 0,0 alkohol-tasa ezartzen du ziklomotorrak, bizikletak eta MPIak erabiltzen dituzten adingabeentzat.
Txirrindularien, patinete erabiltzaile eta kaleen eta errepideen bestelako erabiltzaileen arteko segurtasuna eta bizikidetza hobetzen laguntzen duen ekimenetako bat da Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Iraunkorreko Departamentuak abian jarritako MugiON aplikazioa.
Bizikleta erabiltzen duten horiek oso modu errazean osatu ahal dituzte eskaintzen diren lau ikastaroak. Badira ikastaro bereziak ere patinete erabiltzaileentzat. Hauek dira aplikazioak eskaintzen dituen ikastaroak:
- Txirrindularitzari buruzko ikastaro teorikoa.
- Txirrindularitzari buruzko ikastaro praktikoa.
- Auto gidariak txirrindulari eta patinete erabiltzaileen aurrean.
- Oinezkoak txirrindulari eta patinete erabiltzaileen aurrean.
- Txirrindularitzari buruzko informazio osagarria.
- Patinetearen inguruko ikastaroa
MugiOn aplikazioaren ikastaroek era seguruan mugitzeko behar den informazio guztia eskaintzen dute, eta aholku praktikoak ematen dituzte istripuak saihesteko, kaskoa jartzeko, abiadura mugatzeko, mugikorrak eta entzungailuak behar bezala erabiltzeko, edo bidegorriak, oinezkoentzako guneak eta hiri osoa partekatzen dituzten gainerako ibilgailu eta pertsonekin bizitzeko.