Igerilekuan, kaian edo itsaslabarrean egindako zuhurtziagabeko urperaldi baten ondorioz buruan hartutako kolpe batek oso ondorio larriak izan ditzake. Bereziki, begiralerik gabeko guneren batean gertatzen bada. Urtero, hondartzetan, igerilekuetan, lakuetan… egiten diren hainbat urperaldi oso modu txarrean amaitzen dira: hezur-hausturak, gihar-lesioak, traumatismo kronikoak, heriotzak…
Heriotzak alde batera utzita, lesiorik larrienak bizkarrezurrean ematen diren horiek izaten dira. Bizkarrezurrean hartutako kolpeen ondorioz, hemiplegiak, paraplegiak edo tetraplegiak gerta daitezke. Gainera, zenbait kasutan, heriotza ere eragin dezakete muskuluen berehalako paralizatzearen ondorioz biktima ito egiten delako.
Kanpaina
Desgaitasunen bat duten Arabako pertsonak biltzen dituen Eginaren Eginez elkarteak, bereziki Gasteizko 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako kanpaina bat jarri du martxan. “Argi ikusten ez baduzu, ez egin salto” lelopean. Kanpainaren xedea da gazteak eta herritar guztiak kontzientziatzea, igerilekuetan, ibaietan, urtegietan edo hondartzetan zuhurtziagabekeriazko urperaldiek eragindako muineko lesioak saihesteko. Izan ere, urperaldiak edo murgiltzeak dira lesio horien % 10aren kausa.
Kanpaina sare sozialetan jarriko diren iragarkien bidez gauzatuko da nagusiki. Aldi berean, hiriko zenbait gunetan kartelak ere jarriko dira. Kartelean QR kode bat dago eta horrekin, jarraibideak eta gomendioak biltzen dituen webgune batera jo daiteke.