Munduan diren haurdunaldien ia erdia nahi gabekoak dira

Haurdunaldia saihestu nahi duten 257 milioi emakumek ez dute antisorgailurik erabiltzen

Nazio Batuen Populazioaren Funtsaren (UNFPA) azken txostenaren arabera, munduan erregistratzen diren haurdunaldi guztietatik 120 milioi baino gehiago nahi gabekoak dira. Txostenean jasotzen denez, mundu osoan, haurdunaldia saihestu nahi duten 257 milioi emakumek ez dute antisorgailu segururik erabiltzen. Hori azaltzeko hiru arrazoi nagusi daude: ezjakintasuna, antisorgailuak lortzeko zailtasuna eta bikotekidearen debekua.

Munduan erregistratzen diren nahi gabeko haurdunaldien kopurua konstante mantendu da 2015. urteaz geroztik. Datu hori oraindik gure artean nagusi den desparekotasunaren seinale da eta munduko hainbat eskualdetan emakumeen sexualitatea guztiz baldintzatuta dagoela adierazten du.

Oso datu kezkagarriak

Txostenak hausnarketarako hainbat datu utzi ditu. Adibidez, munduko emakumeen % 45ek dio ez duela aukerarik bikotekidearekin sexu-harremanik duten ala ez aukeratzeko, antisorgailuen erabileraren inguruan erabakitzeko edo laguntza medikoa eskatzeko. Nahi gabeko haurdunaldien atzean errealitate beltz bat izkutatzen da: sexu-indarkeria, pobrezia, ezkontza goiztiarrak, haurdunaldiak eteteko legeen falta, antisorgailuak lortzeko zailtasunak…

Emakumeen % 45ek dio ez duela aukerarik bikotekidearekin sexu-harremanik duten ala ez aukeratzeko, antisorgailuen erabileraren inguruan erabakitzeko edo laguntza medikoa eskatzeko.

Hainbat herrialdetan jaso ahal izan diren datuen arabera, sexualki aktibo diren emakume askok ez dute antisorgailuak erabiltzeko aukerarik. Kasu gehienetan, antisorgailuen erabilera falta arrazoi erlijioso eta kulturaletan oinarritzen da. Hortaz, zenbait herrialdetan gizonezkoa da bere emazteari antisorgailuen erabilera baimendu ahal dion pertsona bakarra. Herrialde askotan emakumeek ezin diote uko egin bere senarrarekin sexu-harremanak izateari.

Abortoak

Txostenean jasotako datuen arabera, nahigabeko haurdunaldien % 60 inguru abortu batekin amaitzen dira. Hainbat kasutan, haurdunaldien eteteak oso baldintza txarretan egiten dira eta emakumeen heriotza eragiten dute.

AMAK NERABEZAROAN. Garapen-bidean dauden herrialdeetako emakume gazte guztien % 13 ama dira nerabezaroan. 14 urte baino lehen ama diren emakumeen 3/4 inguruk bigarren sema-alaba bat izaten dute 20 urte bete baino lehen.

Gatazka armatuak bizi dituzten herrialdeetan egoera are larriagoa da, antisorgailuak lortzeko aukera eten egiten delako eta, aldi berean, sexu-indarkeria biderkatzen delako.