Munduko errefuxiatuen esparrurik handiena

Bangladesheko Cox’ Bazar barrutia bangladesiarrek gehien bisitatzen duten helmuga turistikoetako bat da. Bertan den hondartza mundu mailan ezaguna da bere luzera dela eta; 120 kilometro baino gehiago ditu. Urre kolorea duen hondarreko milaka metro, surfa praktikatzeko olatuak, itsaslabarrak, pagodak, tenpluak, kokondoak, hotelak, bungaloak… eta, gertu, oso gertu, munduan den errefuxiatu-esparrurik handiena.

Pasa den urteko abuztutik, roghingya etniako milioi bat pertsona inguruk Myanmarretik ihes egin behar izan dute euren hondasun guztiak atzean utziz eta oztopo, oinaze eta indarkeriaz betetako bide bati ekiteko. Helmuga plastikoz, olanaz eta banbuz eraikitako errefuxiatu-esparru inprobisatuak.

Rohingyak pairatzen ari diren jazartzea kontu berria ez bada ere, 2017ko abuztuan birmaniar Rakhine eskualdean izan zen indarkeria-bolada berri batek bertan bizi ziren rohingyar gehienak alboan den Bangladeshera ihes egitera behartu zituen.

8.000 errefuxiatu egunero
Rohingyek birmaniar ejerzitoak burutzen zituen “arazketa-eragiketen” ondorioz ihes egin behar zuten: erretako etxeak, bortxaketak, arpilatzeak eta erailketak. 2017ko abuztuaren 25a eta irailaren 24a bitartean 6.700 rohingyar erailak izan ziren Rakhine Estatuan. Bakearen Nobel Saria irabazi zuen Aung San Suu Kyi buru duen gobernuarentzat biktima horiek guztiak ez dira existitzen. Ez dira euren komunikazio publikoetan horiekiko erreferentziarik egiten.

Birmaniar ejerzitoak eragindako basakeria horien guztien ondorioz, azken hamarkadetan ezagutu den krisi humanitario azkarrena eta handiena sortu zen. Egunero, batez beste, 8.000 errefuxiatu inguru iristen ziren Bangladesheko mugara. Euren etxeak atzean utzi eta errefuxiatu-esparru batean pilatuta bizitzeko itxaropenarekin iristen ziren, hezkuntza eta osasun-zerbitzurik gabe eta nazioarteko laguntzari esker bizitzeko. Laguntza hori, gainera, apurka-apurka iristen zen. Iritsi berriek jada bertan ziren milaka rohingyarrekin egiten zuten bat. Izan ere, indarkeria kasuak zenbait urte lehenago hasi ziren.

Bertan ziren bi kokaleku nagusiek, Kutupalong eta Balukhali, azkenean, bat egin zuten eta, horrela, gaur egun 620.000 errefuxiatu inguru jasotzen dituen errefuxiatu-esparru erraldoia bilakatu zen. Munduan den errefuxiatu-esparrurik handienetako bat da. Bertan bizi den biztanleria bost aldiz biderkatu da azken hamabi hilabeteetan eta, adibidez, Bilbok eta Gasteizek batera izango luketen biztanle kopurua gainditzen du. Errefuxiatu-esparruaren zenbait eremutan pertsona bakoitzeko espazioa 8 metro koadrora mugatzen da; ACNUR-ek emergentzia kasuetan 45 metro koadro gomendatzen ditu.

Islamiar gutxiengo horren exodoa hasi eta urtebete beranduago, rohingyar komunitateak Cox’ Bazar eskualdean diren hainbat errefuxiatu-esparrutan metatuta bizitzen jarraitzen du. Euren estatus legalaren ukapenak, errefuxiatu-esparruaetan diren bizitza-baldintza penagarriekin batera, errefuxiatu horiek guztiak sufrimendu-ziklo amaigabe batean harrapatu ditu. Horrek guztiak eragin zuzena du euren osasun fisiko zein mentalean eta, epe ertainera, ez dirudi baldintzek hobera egingo dutenik.

Errefuxiatu estatus gabe
Bangladeshen bizi diren rohingyar gehienek ez dute errefuxiatu estatusik. Ondorioz, ez dute hezkuntzarako aukerarik eta haien mugimenduak, errefuxiatu-esparruetatik kanpo, guztiz mugatuta daude. Horrek, zuzenean, jaso dezaketen osasun-zerbitzuetan eta bestelako zerbitzuetan eragiten du. Etorkizunaren inguruko ziurgabetasuna da, hein handi batean, errefuxiatu horien guztien kezka nagusia.

Kokalekuak, nagusiki, Cox’s Bazar barrutia gurutzatzen duen errepide bakarraren albo bietara eraiki diren txabolez osatuta daude. Errefuxiatu-esparruen barruan ez dago errepiderik. Eremua menditsua da eta lur-irristatzeak ugariak dira. Ez dago komunik, ezta higienerako gutxieneko azpiegiturarik ere. Leku batetik bestera joateko, sarritan, ur zikinen eta giza-gorozkien errekak itzuri behar dira.

Edatekoa den uraren eskasia dela eta, errefuxiatuek arroz-soroetan, putzuetan edo eskuz zulatutako hobietan lortutako ura edatera behartuta daude. Hainbat kasutan, ur hori gorozkiekin kutsatuta dago.

Errefuxiatu-esparruetan eta horien inguruetan den elikagai-segurtasuna oso ahula da: iritsi berriak diren errefuxiatuak laguntza humanitarioaren baitan geratzen dira. Merkatuko prezioek izugarri egin dute gora eta aipatu errepide faltak zaurgarritasun maila altua duten eremuetara iristea oztopatzen du.

Esan bezala, errefuxiatu-esparruak oso lurralde menditsuan kokatzen dira. Horrek, zerbitzu berrien eraikuntza ez ezik, jada diren zerbitzuetara iristea ere oztopatzen du. Egoera larriagoa da adineko pertsonentzat edo desgaitasunen bat duten pertsonentzat.

Pertsonen metaketen, egin beharreko distantzia luzeen eta segurtasunaren inguruko kezken odorioz, emakume askok, bereziki haurdun direnek, ezin dute oinarrizko zerbitzuetara jo.

Save The Childrenek salatu duenez, Kutupalong errefuxiatu-esparruan, baldintzak oso larriak dira. Bertan, pertsonen metaketa oso handia da eta laguntza humanitarioarekiko dependentzia erabatekoa da. Bildu ahal izan diren datuen arabera, bertan, 375.000 haur inguru bizi dira oso baldintza kaxkarretan eta gero eta ohikoagoak dira difteria eta elgorria bezalako gaixotasunak.

70 urteko gatazka
1948an, euren independentzia estreinatu berria zutenean, rohingyar askok Rakhine Estatua (garai horretan Arakan izenarekin ezagutzen zen) Pakistanekin bat egitea eskatu zuten. Ia 30 urte beranduago, 1977an, Arakanen bizi ziren atzerritarrak kanporatzeko burutu zen operazio militar baten ondorioz, 200.000 rohingyar inguruk Bangladeshera ihes egin zuten.

1991n, 250.000 rohingyar gehiagok bide bera egin behar izan zuten. Garai horretan, Myanmarreko gobernuan batzorde militar bat zegoen eta, bi urte lehenago, Arakan zena Rakhine izatera pasatu zen.

2012an, indarkeria-bolada batek 160 hildako utzi zituen eta horrek beste exodo bat eragin zuen. Egoera horretan, Arakango Rohingyar Salbamenduko Ejerzitoa (ARSA) azaldu zen eta hiru muga-postu eraso zituen eta bederatzi polizia erahil zituzten. Gatazka horrek, beraz, izaera berria hartu zuen eta, horrek, errefuxiatuen kopurua biderkatu zuen, gero eta rohingyar gehiagok ejerzitoaren beldur ihes egitea erabaki zutelako.

Idatzi zure iruzkina

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.