‘TALKA’, ‘Natura Ezkaba Atarrabia’ eta Getardako gazte-aterpetxean suspertzen ari diren artistentzako egonaldi bat dira 2022ko Gazteen Partaidetzako Aurrekontuen barruan aukeratuak izan diren proiektuak. Aurtengoa Nafarroako Gazteriaren Institutuak garatzen duen egitasmoaren bosgarren edizioa da eta 30.000 euroko aurrekontua du.
Deialdira, guztira, hamabi egitasmo aurkeztu dira. Horiek guztiak ikusgai izan dira eta Nafarroako 18 eta 30 urte bitarteko gazteek horien aldeko botoak emateko aukera izan zuten pasa den apirilaren 10ean. Guztira 1.232 boto jaso ziren eta aipatu hiru egitasmo horiek izan ziren boto gehien lortu zituztenak. Zehazki, boto gehien lortu zuen egitasmoa ‘Talka’ izan zen, 430 botorekin. Jarraian, ‘Natura Ezkaba Atarrabia’ sailkatu zen, 154 botorekin. Azkenik, Getardako gazte-aterpetxean suspertzen ari diren artistentzako egonaldia proposatzen zuen proiektuak 113 boto lortu zituen. Hiru egitasmo garaileek 9.500 euro jasoko dituzte horiek gauzatu ahal izateko.
Gazteen Partaidetzako Aurrekontuak
Egitasmo honek proiektu baten edo politika publiko baten garapenaren maila guztietan parte hartzeko aukera ematen die gazteei: egitasmoaren definizioa, ebaluazioa, aurrekontuaren kudeaketa partekatua… Hortaz, aukera paregabea da gazteen parte-hartze sozialerako beharrezkoak diren gaitasunak eta ikaskuntzak bereganatzeko.
Irabazleak
‘TALKA’ Tafallako La Kolasan egin zen aisialdiko begiraleentzako ikastaro batean sortutako ideia bat da. Funtsean, ikuspegi zabalago bat eskaintzea proposatzen du, estereotipoak eta aurreiritziak alde batera utziz. Horretarako, ekainaren 27tik uztailaren 3ra bitartean elkarrekintzarako topaketa ezberdinak egingo dira. Horietan, gazteek beren interesekoak diren gaien inguruan hausnartzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dute. Gainera, belaunaldiarteko topaketak egitea ere proposatzen da.
‘Natura Ezkaba Atarrabia’ Atarrabiako San Andrés Scout Taldeak proposatutako egitasmoa da. Egitasmo horren xedea da Ezkabako ingurunean zenbait esku-hartze egitea mendi horren eta udalerriaren arteko lotura hobetzeko. Proiektua abuztuaren lehen hamabostaldian gauzatuko da.
Azkenik, hautatua izan den hirugarren proiektuak Getardako gazte-aterpetxean suspertzen ari diren artistentzako egonaldi bat egitea proposatzen du. Antolatzaileek azaldu dutenez, “ bi asteko egonaldi-artistikoa izango da eta Ezprogiko ingurunearekin eta Bizkaia ibarrarekin harreman bat hasteko aukera emango die artista gazteei”.