Nafarroa, % 34,7rekin, STEM diziplinetan emakume egresatu gutxien dituen Estatuko bosgarren autonomia erkidegoa da. Ingeniaritzan, adibidez, Foru Erkidegoko tituludunen lautik bat baino ez da emakumea. Kopuru hori baxuena da estatu mailan eta antzeko joera ikus daiteke bestelako diziplinetan ere, hala nola, Matematika eta Estatistika ( % 15,4) edo Informatika ( % 18,7). Datu horiek Fundación Conocimiento y Desarrolloren azken txostenean jasotzen dira.
STEM bokazioak sustatu nahian eta ikasketa horietan matrikulazioa bultzatzeko, bereziki neska gazteen artean, Nafarroako Gobernuak ‘STEM taldearekin bat egizan’ izeneko kanpaina jarri du abian.
Kanpaina hau ekainean zehar egingo da, eta STEM diziplina deritzenetan dauden profil femeninoen urritasuna murrizten lagundu nahi du. Horretarako, ingeniaritza, fisika, informatika edo kimikan karrera profesionalak egin dituzten zenbait emakumeren adibideak azalduko dira.
Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren azken ‘Emakumezko zientzialariak zenbakitan (2021)’ txostenaren arabera, azken 15 urteetan, Espainiako I+Gko berdintasun-politiken bilakaera nabarmena izan da. Hala ere, datuen arabera, graduko ikasketak egiten ari diren ikasleen erdia baino gehiago emakumeak izan arren, ingeniaritza edo arkitektura bezalako ikasketetan ez dira % 25era iristen. Gainera, alde hori areagotu egiten da ikerketa-karreraren etapetan aurrera egin ahala.