Nafarroak autonomia-erkidegoak ordezkatuko ditu Europan gazteriaren alorrean

Nafarroako Gazteriaren Institutuak aldian-aldian egiten diren lantaldeen bileretan parte hartuko du, eta aztertutako gaien berri eman beharko die autonomia-erkidego guztiei

Irakurketa: < 1 minutu

Ekainaren 30era bitartean, Nafarroak Estatuko autonomia-erkidegoak ordezkatu eta koordinatuko ditu Europan gazteria alorrean. Ardura hori Begoña Alfarok zuzentzen duen Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako Departamentuak hartuko du eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bidez gauzatuko da. Alfarok Europako Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Ministroen kontseiluko bileretan parte-hartzeko aukera izango du. NGIko ordezkariek, berriz, aldizka egiten diren lantaldeen bileretan parte hartuko dute, eta autonomia-erkidegoei horietan landutako gaien berri ematea eta horien inguruko jarrera bateratu bat adostea izango da bere erantzukizuna.

Erkidegoetako ordezkaria, Espainiako ordezkaritzako kide osoa da Kontseiluan. Aholkularitza emateko eta hitza hartzeko eskubidea du, eskumen autonomikoei eragiten dizkieten gaiak aztertzen direnean eta jarrera komun bat dagoenean.

Europar Batasunarekin lotutako Gaietarako Konferentziaren Akordioen arabera, autonomia-erkidegoek zuzenean parte har dezakete Europako Kontseiluaren eta horren lantaldeen saioetan, eskumen autonomikoak eztabaidatzen diren arloetan. Ordezkaritza hori sei hilabeteko txandakako sistema baten bidez egiten da. Andaluziaren txanda amaitu ondoren, Nafarroak hartu du ardura hori gazteriaren arloan.

Gazteria arloko politikak

Europako Hezkuntza, Gazteria, Kultura eta Kirol Kontseiluak estatu kideen eskumenak dituen arloak lantzen ditu. Hori dela eta, Europar Batasunaren zeregina arlo horietan estatu kideen arteko lankidetza-esparru bat erraztea da, interes komuneko gaietan informazioa eta esperientziak partekatzeko.

Kontseiluak, batez ere, pizgarri-neurriak eta gomendioak hartzen ditu. Hala ere, Kontseiluak adostutako ekimenek, hala nola Erasmus+ programak edo Europako Elkartasun Kidegoak, eragin zuzena izan dezakete Europar Batasuneko herritarrengan. Gainera, Kontseiluak gazteriaren Europar Batasunaren Estrategiaren hezkuntza eta gazteriari lotutako alderdien aurrerapenaren jarraipenean ere parte hartzen du. Hurrengo hilabeteetan Poloniak izango du Europar Batasuneko Kontseiluaren txandakako lehendakaritza. Gazteria arloari dagokionez, lehentasunak European Youth Goal #1-an zentratuko dira, Europar Batasuneko gazteekin konektatuz.

Advertisements