Puntu Moreak Nafarroako 29 gazteentzako informazio bulegoetara zabalduko dira Gobernuaren Ordezkaritza Nafarroan eta Nafarroko Gazteriaren Institutuak lortutako akordioari esker. Hitzarmena emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako borrokaren markoan kokatzen da eta biztanle gazteak kontzientziatzeaz gain, biktimei eskaintzen zaizkien baliabideen berri ere eman nahi du.
Hitzarmenean jasotakoaren arabera, material grafikoa banatuko da gazteen bulegoetan eta informazio guneetan, indarkeria matxistari buruz sentsibilizatzeko. Material hori ageriko lekuetan erakutsiko da eta, horrela, gazteen artean gizarte-arazo larri horren gaineko kontzientzia sortzen lagunduko da.
Puntu Morea
Sentsibilizazio-kanpainak zabaltzeaz gain, gazteentzako informazio-bulegoek eta -guneek oinarrizko informazioa emango dute genero-indarkeriaren biktimentzat eskuragarri dauden baliabide espezializatuei buruz. Zerbitzu egokia bermatzeko, Gobernuaren Ordezkaritzak prestakuntza eskainiko die bulego horietan lan egiten duten pertsonei.
Puntu Moreak Espainiako Berdintasun Ministerioak sustatutako tresna bat da, gizarte osoa indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria kasuetan jarduteko moduari buruzko funtsezko informazioa zabaltzeko.
Nafarroan, Puntu Moreak erkidegoko farmazia eta gasolindegi guztietan daude jada, eta udalerri batzuetan aldi baterako Puntu Moreak jartzen dituzte herriko jaietan.