Nafarroako biztanleria gazteagotzen ari da

Nafarroako biztanleria hazten ari da immigrazioaren bultzadari esker

Nafarroako Gazteriaren Institutuak argitaratutako ‘Nafarroako gazteen diagnostikoa 2024’ txostenaren arabera, 2023. urtean, Nafarroako biztanleria gaztea, hots, 14 eta 30 urte bitarteko biztanleen kopurua 124.732 zen. Horietatik guztietatik, % 51 gizonezkoak ziren eta % 49, berriz, emakumezkoak.

2016. urteaz geroztik, Nafarroan bizi diren gazteen kopuruak etengabe egin du gora. Urte horretan, eta joera negatibo baten ondoren, Nafarroan bizi ziren 14-30 urte bitarteko gazteen kopurua 108.891 zen. Beraz, azken zazpi urteetan biztanleria gaztea 15.841 pertsonatan hazi da.

Termino erlatiboetan, Nafarroako biztanle guztiekiko gazteen proportzioak bi joera desberdin izan ditu azken hamarkadan. 2013 eta 2016 artean, gazteen pisu erlatiboa biztanleria osoan nabarmen jaitsi zen, % 17,1eko minimo historikora eroriz. 2017an, berriz, joera hori alderantzikatu zen eta 2022rako gazteen pisu erlatiboa % 18,2raino igo zen. Une honetan, gazteak biztanleria osoaren % 18 dira. Igoera horrek iradokitzen duenez, Nafarroako biztanleria progresiboki gaztetzen ari da.

Biztanleria gaztearen artean genero arrakala nabarmena dago. Izan ere, 2023ko datuen arabera, 100 emakumeko, 105,24 gizon gazte daude. Alde hori, gainera, areagotu egin da azken bost urteetan eta oso agerikoa da 14-19 urte bitarteko gazteen artean.

Banaketa geografikoa

Nafarroako gazteen % 58,9 Iruñerrian bizi da eta gazteen ehunekoa hazi den eskualde bakarra da. Erribera bezalako beste eskualde batzuetan (biztanleria gaztearen % 13,6 bizi da bertan), gazteen garrantzi erlatiboa jaitsi da. Kontuan hartu behar da bi eskualde horietan bakarrik Nafarroako gazteriaren bi heren baino gehiago (% 72,5) bizi direla. Gazteen banaketaren bilakaerak erakusten du Iruñerrian bizi diren gazteen ehunekoa goraka ari dela pixkanaka, eta, ostera, gainerako eremuetakoa behera egiten ari da. Nabarmentzekoa da, Iruñerrian salbu, Nafarroako eskualde bakar batean ere ez dela hazi gazteen ehunekoa biztanleria osoarekiko.

Adin-taldeei dagokienez, hiru taldeek (14-19, 20-24 eta 25-30) homogeneotasun erlatiboa erakusten dute, nahiz eta 25-30 urte bitartekoen taldeak pisua galdu duen azken sei urteetan. 14-19 urte bitarteko gazteen taldea, berriz, hazi egin da.

Immigrazioaren eragina

Immigrazioak eragin garrantzitsua izan du Nafarroako biztanleria gaztearen egitura demografikoan. Horrela, 2023ko datuen arabera, Nafarroako gazteriaren % 16,7 atzerritar jatorrikoa da, duela sei urte baino hiru puntu gehiago. Biztanleria orokorraren kasuan, atzerritar jatorriko biztanleen kopurua % 11 baino ez da.

Gainera, Nafarroako gazteen laurden bat atzerrian jaiotakoa da. Datu horrek, nolabait, immigrazioak biztanleriaren gazteagotzean izan duen eragina azpimarratzen du. Prozesu hori ezinbestekoa izan da biztanleria gaztearen hazkundean eta bi zutabe nagusi ditu. Alde batetik, atzerritik etorritako pertsonak daude eta, bestetik, pertsona horien jaiotza-tasa altuagoak daude.

Nafarrak atzerrian

2022. urteari dagozkion datuen arabera, Nafarroako gazteen % 6,64 atzerrian bizi da. Joera hori nabarmendu egin da azken hamarkadan eta azalpen garbi bat du: formakuntza mailaren baitan, nafar gazte asko atzerrira joaten dira lan aukera hobe baten bila. Joera horrek, dena den, behera egin du 2017. urteaz geroztik.