Nafarroako Gobernuak kanpaina bat abiarazi du jaietan emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko

‘Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu’ lelopean garatuko den kanpainak helburu hirukoitza du eta Nafarroako osoko jaietan ikusi ahal izango da

Nafarroako Gobernuak udako jaietan harreman afektibo-sexualetan tratu ona sustatzeko eta emakumeen aurkako indarkeria saihesteko kontzientziazio-kanpaina bat aurkeztu du. ‘Nafarroan… Gozatu, partekatu eta errespetatu’ lelopean garatuko den kanpainak aniztasun sexualaren aldeko mezua ere zabaldu nahi du.

Kanpaina gobernuaren lau departamentuk garatu dute elkarlanean: Berdintasuna, Gazteria, Hezkuntza eta Osasuna. 84.000 euroko aurrekontua duen kanpaina, nagusiki, 35 urtetik beherako herritarrei zuzentzen zaie eta Nafarroa osoan jarriko diren kartel eta olanetan oinarrituko da. Aldi berean, iragarkiak jarriko dira prentsa idatzian eta sare sozialetan ere kanpainaren mezua zabalduko da. Era berean, euskaraz zein gaztelaniaz ikus daitekeen bideo bat ere prestatu da. Gainera, toki-erakundeen eskura ere jarriko dira kanpainaren materialak, udal bakoitzak mezuarekin bat egin dezan eta nahi dituen euskarrien bidez zabal dezan (festetako programa, kartelak, sare sozialak, etab.).

Helburu hirukoitza

Kanpainaren aurkezpen-ekitaldian azaldu denez, kanpainak helburu hirukoitza du. Lehenik eta behin, intentsitate txikiko indarkerien identifikazioa hobetu eta horiek geldiarazteko beharraz kontzientziatu nahi da. Bigarren xedea da sexualitatearen inguruko ikuspegi positiboa zabaltzea eta, horretarako, harreman-trebetasun osasungarriak, berdintasunezkoak eta tratu onekoak sustatu nahi dira. Azkenik, prebentzio-neurrien erabilera bultzatu nahi da sexu-praktika arriskutsuak ekiditeko.

Kanpainaren irudietan, gazteak agertzen dira taldean edo bikoteka, jai-giroan gozatzen, jai eta jarrera osasungarrian. Lelo nagusiaz gain, diseinatutako kartelek hainbat baieztapen biltzen dituzte, errespetuzko harremanak aldarrikatzera bideratuta. ‘Zerk erakartzen nauen gehien? Ez dezagula ezer eman segurutzat’; ‘Zure laztanek ehunean jartzen naute. Zure errespetuak milean’; edo ‘Nire jarrera gogokoena? Zero presio’ esaldiak hautatu dituzte ildo horretan hausnarketa bat sustatzeko, herri batzuetan dagoeneko hasi den eta uda osoan zehar luzatuko den jai-garaiaren aurrean.