Nazioarteko aintzatespena ITZULI itzultzaile neuronalarentzat

Eusko Jaurlaritzaren itzultzaile neuronala 280 proiekturen artean saritu dute, beste hiru proiekturekin batera

Kode irekiko soluzioetan munduko liderra den Red Hat-ek Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkarteari (EJIE) eman dio bere sarietako bat, ITZULI itzultzaile neuronalaren garapenagatik.

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea aukeratua izan da, sari hauetara aurkeztutako 280 proiektuen artean, lau berrikuntza-proiektu nabarmenetako bat gisa. Red Hat-ek pentsamendu sortzailea, arazoak konpontzeko erabakitasuna eta teknologiaren erabilera eraldatzailea erakusten duten mundu osoko lorpen teknologikoak aintzatesten ditu.

ITZULIk, adimen artifizialean oinarrituta, euskararen eta gaztelaniaren arteko testuen itzulpena sinplifikatzen du, baita frantsesa eta ingelesa bezalako beste hizkuntza batzuena ere. 300.000 kontsulta inguru egiten dira egunero. Plataforma horrek, itzultzeaz gain, ahotsetik testurako transkripzioak eta testutik ahotserako sintesia ere egiten ditu hainbat hizkuntzatan.

2019an Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin lankidetzan abian jarri zenetik, ITZULIk berehalako eta doako itzulpenak eskaintzen ditu, nagusiki euskaraz. Tresna horretara jo daiteke www.euskadi.eus/itzuli/ helbidean, bai eta mugikorrerako aplikazioan edo tabletean ere, Android eta iOS sistema eragileetan.

Itzuli proiektua kode irekiko teknologiarekin diseinatu zen, karga-beharretara egokitzeko modu egokitzailean.

ITZULI izan da saritutako lau proiektuetako bat; beste hirurak honako hauek izan dira: Amazoniako Bankua, Transpower New Zealand (sare elektrikoaren operadore nazionala) eta Capgemini (enpresen nazioarteko aholkularitza, negozioa eraldatzeko, teknologiaren boterea baliatuz).