Negu honetan ez zaitez hotz gelditu

‘Kirol bidean’ programak kirol jardueretarako 536 plaza eskainiko ditu udazken eta negurako

Gasteizko Udaleko Udal Kirol Zerbitzuak ‘Kirol bidean’ programaren edizio berri bat jarri du martxan. Udazkena-negua denboraldiak, guztira, bederatzi jardueratan banatutako 536 plaza eskainiko dizkie hiriko 12 eta 30 urte bitarteko gazteei. Horietan izena emateko epea datorren azaroaren 11n zabalduko da eta aurrez aurre edo online egin ahal izango da.

Negu honetan ez zaitez hotz gelditu. Mugi zaitez eta Kirol Bideari ekin’ lelopean, denboraldi berria abenduaren 14tik martxoaren 15era bitartean garatuko da. Programazioan bildutako jarduerak asteburuetan izango dira gazteen parte-hartzea errazteko. Programak ohiko kirol-jarduerak eta zenbait nobedade izango ditu. Azken horien artean, pickleball delako kirola azpimarratu behar da. Kirol horrek, tenisa, padela, badmintona eta mahai-tenisaren elementu ezberdinak uztartzen ditu. Jarduera hori Abetxuko kiroldegiaren padel pistan egingo da.

Beste nobedade garrantzitsu bat orientazioa ardatz izango duen jarduera da. Kasu horretan, parte-hartzaileek Armentiako basoan zehar ibilbide bat osatu beharko dute mapa eta brujula baten laguntzarekin.

Elurretan garatu behar diren kirol-jarduerak, hala nola snowboard edo elur-erraketak, Huescan den Candanchúko eskigunean egingo dira. Eski nordikoa eta neguko mendi-teknika, berriz, Nafarroako Larra Belagua estazioan antolatu dira.

Gainerako jarduera guztiak Araban egingo dira. Izotz gaineko kirolak, adibidez, Bakh-ean (Baskonia Alavés Kirol Hiria) egingo dira, kirol-eskalada Salburua gizarte-etxean, eta espeleologia Mairuelegorretako kobazuloetan.

Jardueren prezioa 2,62 eta 39,09 euro artekoa izango da udal kirol instalazioen bazkide direnentzat eta jardueraren arabera. Bazkide ez diren horiek, berriz, 4,37 eta 65,15 euro artean ordaindu beharko dute jardueraren baitan.

Aurrez aurreko izen-emateak hiriko gizarte-etxeetan, kiroldegietan eta Gazte Informaziorako Udal Bulegoan egin ahal izango dira.