Nekazari gazteak Nafarroan ezartzeko laguntzak

Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi inguru bideratuko ditu profesional berriak nekazaritza-sektorean sartzea eta landa-enpresak sortzea errazteko

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Departamentuak nekazari gazteak ezartzeko eta nekazari berriak sartzeko laguntzak eskatzeko epea ireki du. Neurri horiek Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoaren (NPB) barruan daude 2024rako, eta 3.520.000 euroko aurrekontua dute, profesional berriak nekazaritza-sektorean sartzea eta landa-enpresak sortzea errazteko.

Dirulaguntzak 18 eta 41 urte bitarteko pertsonei zuzenduta daude, baldin eta nekazaritza-jarduerarekin bat egiten badute Nafarroako nekazaritza-ustiategien titular, titularkide edo bazkide gisa, eta Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan (NNUE) inskribatuta edo inskriba badaitezke.

Eskaerak aurkezteko epea martxoaren 26ra arte izango da zabalik, bai lanaldi osoko gazte profesionalentzat, bai nekazaritza-jardueran partzialki sartzea erabakitzen dutenentzat. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bidez egin behar dira. Katalogo horretan, aplikagarria den araudia, laguntzei buruzko informazio zehatza eta izapidetzearen ardura duen unitatearen harremanetarako datuak daude eskuragarri.

Berritasunak

2024ko deialdian, azpimarratzeko moduko berritasun bat da zenbateko txikiagoko laguntza bat sartu dela, erabat instalatzeko konpromiso guztiak beren gain hartzen ez dituzten baina nekazaritza-jarduera lanaldi partzialean gauzatzeko konpromisoa hartzen duten gazteentzat. Gazte horiek laguntza osoa jaso ahal izango dute, baldin eta etorkizunean ustiategiaren tamaina handitzen badute eta nekazaritza-jarduera nagusitzat hartzen badute.

Gainera, nekazari berriak instalatzeko laguntza-lerro berri bat ezarri da, nekazari gazteak direla kontuan hartu gabe.

Dirulaguntza horien bidez, Nafarroako nekazaritza-ustiategien lehiakortasuna indartu nahi da, landa-eremuetako ehun sozioekonomikoaren iraunkortasuna bermatuz. Neurriaren helburua da behar bezala prestatutako profesionalak nekazaritza-sektorean sartzea erraztea, emakumeek nekazaritza-jardueran parte har dezaten sustatzea, enpresen dibertsifikazioa, prestakuntza eta garapena bultzatzea, eta enplegua sortzen laguntzea, landa-eremuen tokiko garapena sustatuz.

2024ko ekitaldian, 3.520.000 euro bideratuko dira laguntza horietara, hiru kategoriatan banatuta: 3.000.000 euro “Nekazari gazte profesionalen establezimendurako“, 260.000 euro “Nekazari gazteen lanaldi partzialeko establezimendurako“, eta beste 260.000 euro “Nekazari berrien ezarpenerako“.