Edari alkoholdunak modu basatian edatea eta ‘balentria’ gizarte sareetan partekatzea da britaniar gazteen artean arrakasta handia lortu duen eta NekNomination (edan eta proposatu) izenarekin ezagutzen den joko arriskutsu berria. Joko honek Australian omen du jatorria, gazte deserrotuen eta maila sozio-kultural baxua duten ‘bogans‘ izenarekin ezagutzen diren gazteetan, hain zuzen ere. Gazte hauek, harreman sexualak izateko gogoa azaltzen dute garagardo botila bat zurrutada bakarrean edanez eta ondoren laguna gauza bera egitera desafiatuz. Hori guztia, noski, sakelako telefonoekin grabatzen duten bitartean. Jokoaren arauak errazak dira: amaitu zurrutada batez zure edaria, proposatu zure lagun bat eta jarraitu katea hautsi gabe.
Australian sortutako ‘joko’ hau mundu osoko gazteen artean hadatu da baina, batez ere, Britain Handiko gazteen artean lortu du arrakasta handia. Dena den, azken asteetan, jada, bost dira joko hau praktikatzen hil diren gazteak (hiru Erresuma Batuan eta beste biak Irlandan) eta, ondorioz, alarma guztiak piztu dira.
Facebook eta Youtuben ikusgai izan diren bideoetan gauza benetan ikaragarriak ikus daitezke. Hauetako askotan hainbat gazte azaltzen dira alkohola edaten baina beste hainbat osagaiekin nahastuta: txakurrentzako janaria, txiza, koloretako arrainak, kotxeentzako olioa… Bisita gehien zituen bideoan, adibidez, gazte bat azaltzen zen garagardoa edaten komun-ontzi batetik. Beste batean, berriz, gazte batek, segundu gutxitan, 750ml-ko vodka botila osoa edaten du.
Oso arriskutsua
Erresuma Batuko agintariak oso kezkatua azaldu dira praktika honek lortu duen arrakastarekin. Kontutan izan behar da Erresuma Batuan alkoholaren (batez ere garagardoa) kontsumoa oso errotuta dagoela, baita gazteen artean ere. Berriki burutu den ikerketa baten arabera, 18 eta 24 urte bitarteko britaniar gazteen % 47k gizarte sareren batean mozkortuta azaltzen zen irudiren bat argitaratu du. Alkoholaren kontsumoak dituen arriskuetaz ohartarazten duen Drinkware GKEk adierazi duenez, hasiera batean dibertigarria suerta daitekeen praktika honek, azkenean, ondorio latzak izan ditzake.