Neomak, Airu eta Kulto Kultibo euskal taldeak AIEnRuta zirkuituaren barruan parte hartzeko hautatuak izan dira. AIEnRuta AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de Música) antolatzen duen egitasmoa da eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntza du. Egitasmo horren xede nagusia zuzeneko musika sustatzea da.
Aipatu programaren edizio bakoitza bi ziklotan banatzen da. Lehenengo zikloa urteko lehen sei hilabeteetan garatzen da eta bigarrena, berriz, bigarren sei hilabeteetan.
Aukeratuak izan diren euskal taldeak lehenengo zikloan parte hartuko dute beste hamahiru talderekin batera. Hautatutako taldeek lau kontzertu eskainiko dituzte eta AIE erakundearen laguntza ekonomikoa jasoko dute. Horrez gain, komunikabide espezializatuetarako komunikazio-plan bat ere izango dute eta hori esker, adibidez, Radio 3ko hiru programatan agertzeko aukera izango dute.
Euskal taldeak
Neomak zazpi emakume biltzen dituen taldea da. Aurretik, Kepa Junkerarekin aritu ziren, Sorginak izenarekin.
Airu Bilboko talde gaztea da eta berriki beren bigarren diskoa kaleratu dute: ‘Do It for the Catharsis’.
Kulto Kultibo taldeak rap eta reggae estiloak uztartzen ditu.
Aurreko edizioetan ere euskal ordezkariak izan dira, hala nola, Anita Parker, Ekiza, La Furia, Nøgen, Verde Prato edo Ezpalak.