Nerabezaroko indarkeria matxistei buruzko jardunaldia

Donostia Gazteriak eta Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, jardunaldia azaroaren 5ean eta 14an ospatuko da Intxaurrondoko Kultur Etxean

Donostiako Intxaurrondoko Kultur Etxeak nerabezaroko indarkeria matxistei buruzko jardunaldien VIII. edizioa hartuko du azaroaren 5ean eta 14an. Donostia Gazteriak eta Udaleko Berdintasun Sailak antolatuta, saioak intersekzionalitatean oinarrituko dira.

Intersekzionalitatea kategoria sozialak nola uztartzen diren azaltzen saiatzen da. Hau da, pertsona guztiak kategoria sozial desberdinetan kokatuta daude: guztiok dugu generoa, guztiok dugu desioen orientazioa, guztiok gara talde etniko bateko kide, guztiok dugu gorputz-eredu jakin bat, eta abar. Eta, aldi berean, kategoria bakoitzean pribilegio- edo zapalkuntza-posizioak daude.

Jardunaldi horien helburu nagusia begirada kritiko eta ulerkorra garatzea da, nerabeei eragiten dieten indarkeria-mota guztiak identifikatu ahal izateko, haien artean hierarkiarik ezarri gabe. Helburua ez da neurtzea edo alderatzea, baizik eta arazo sozial horren adierazpenak ikusaraztea eta ulertzea.

Programazioa

Jardunaldia bi egunetan egingo da, azaroaren 5ean eta 14an, 9: 00etatik 14:00etara, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Aurreikusitako hitzaldi eta mahai-inguruez gain, bertaratzen direnek aldi bereko tailerretan parte hartu ahal izango dute eta kultur emanaldi batez gozatu ahal izango dute jarduerak osatzeko. Programazioa azaroaren 15ean amaituko da zuzeneko podcast saio batekin.

Jardunaldiak batez ere haur eta gazteekin lan egiten duten profesional eta eragileei zuzenduta daude. Parte hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da, plaza kopurua mugatua baita. Izena emateko epea urriaren 20an amaituko da, eta parte-hartzaileen hautaketa izena emateko hurrenkeraren arabera egingo da.

Ekitaldiko egun bakoitzerako izen-emateak independenteak dira. Bi egunetan parte hartzeko, bi izen-emate egin beharko dira. Gainera, parte-hartzaileek tailer bakarra aukeratu beharko dute jardunaldi bakoitzeko, aldi berean egingo baitira.