2022an, sexu-indarkeriagatik 18.731 salaketa jarri ziren Estatuan. Horietatik guztietatik, ia erdian (% 45) adingabe bat izan zen biktima. Salaketa horien % 82an biktima neska bat izan zen eta, hortaz, ondoriozta daiteke neska izatea arrisku-faktore erabakigarria dela horrelako eraso bat jasan ahal izateko. Sexu-delituen kasuen % 97an, bai helduek bai 14 eta 17 urte bitarteko gazteek egindakoetan (adin horietan jada erantzukizun penala dago), erasotzailea gizonezkoa izan zen.
Horiek dira, hain zuzen ere, Save the Children GKEk Emakumeen Nazioarteko Egunaren ildora argitaratu berri duen ‘Isilaraziak’ txostenean jasotako datuak. Txostenak nerabeen arteko sexu-indarkeriari eta horrek haurtzaroan, nerabezaroan eta gizartean duen eraginari buruzko gai garrantzitsuenetako batzuen inguruko erradiografia aurkezten du.
Save the Childrenen txostenak indarkeriaren larritasuna eta ezaugarriak lausotzen dituzten hainbat premisa faltsu jasotzen ditu. Horien artean honako hauek daude: modu probokatzailean janztea; goizaldean kaletik bakarrik ibiltzea; ezezko baten atzean baiezko bat dago eta alkohola edo drogak baimenaren parte dira.
Txostenak agerian uzten duenez, desparekotasunak sexualitatearen eraikuntza baldintzatzen du eta neskei eta mutilei eragiten die, baina modu ezberdinean. Izan ere, neskek zein mutilek beren gain hartzen dituzte haiek garatzen diren gizartearen berezko genero-rolak eta -estereotipoak.
Rol eta estereotipoak
Save the Childreneko Intzidentzia Politiko eta Sozialeko zuzendari Catalina Perazzok azaldu duenez, “Neska eta mutil gazteak genero-rol eta -estereotipoek baldintzatuta daude. Horiek maitasuna erdigunea izatea, betetzeko zaila den edertasun-kanon bat, sexualki atsegina izatea eta, aldi berean, sexualitatea modu erreserbatuan bizitzea dute ezaugarri”.
Rol eta estereotipo horiek adin goiztiarretik eraikitzen hasten dira panpinekin, marrazki bizidunekin, telebista saioekin eta sare sozialekin. Perazzok azpimarratzen duenez, “hori guztia inoiz lortzen ez den edertasun eta gorputz eredu femenino bat lortzera bideratuko litzateke”.
Neska gazteen kasuan askatasun gisa mozorrotutako hipersexualizazioak paper garrantzitsua jokatzen du. Nesken kasuan, sexualitatearen ustezko askapenak kontrako efektua sor dezakeen interpretazio oker batera eraman gaitzake: “sexu-ideal” hori lortzen laguntzea, bere garapenaren beste zenbait alderdiri kalte eginez edo uko eginez.
Baina neskak ez dira baldintzatuta dauden bakarrak. Maskulinitateak ere lehen haurtzarotik genero-rolak eta -estereotipoak eskatzen ditu jostailuekin eta sozializazio-espazioekin, hala nola jolas-orduekin. Mutilek “fisikoki indartsua izan behar duzu, sexualki aktiboa izan behar duzu, arrisku-egoerak bizi behar dituzu, emozioetatik urrundu behar zara eta kontrol- eta menderatze-jarrerak izan behar dituzu” bezalako mezuak jasotzen dituztela dio Perazzok. Kasu horretan ere, txostenak ohartarazten duenez, mutilek ez dute aukera handirik, “maskulinitatea azaldu behar hori ez delako inoiz amaitzen, betirako da, eta bizitzaren arlo guztietan frogatu behar da”. Horrek azal lezake, neurri batean, balentria bihurtzen diren erasoen edo arrisku-egoeren grabazioak, adibidez, 200 km/h-ko abiaduran gidatzea edo martxan dagoen tren batetik salto egitea. Maskulinitate mota horrek eragina du gazteek gizontasunaren froga gisa sexu-esperientziak izatea espero izatean; izan ere, horrela egiten ez badute beren maskulinitatea zalantzan jartzea ekar dezake.
Pornoa, hastapen-erritoa?
Txostenak baieztatzen duenez, “pornografia berdinen artean maskulinitatera sartzeko erritu gisa agertzen da, sexu-harremanei buruzko itxaropenak sortuz eta harreman horietan indarkeria normalizatuz. Gainera, egunez egun lagunen artean partekatzen diren edukien parte ere bihurtzen da”. GKEak gogoratzen duenez, ingurune digitala haurtzaroa eta nerabezaroa garatzen diren beste espazio bat da, eta pornografiak ere haurrak eta nerabeak elkarrekin erlazionatzeko modua baldintzatzen du.
Save the Childrenek argitaratu zuen ‘Desinformación Sexual’ txostenean jasotzen zenez, hamar nerabetik zazpik pornografia kontsumitzen du eta horrelako edukiak kontsumitzen hasteko batez besteko adina 12 urtetara jaitsi da. Kontsumo horiek, nagusiki, Internet bidez egiten dira, doan eta mugarik gabe. Gainera, eduki horietan indarkeria eta desparekotasuna nagusi izaten dira.
Nerabeek eta gazteek imitatu beharreko hainbat eredu edo alderdi aurkitzen dituzten pornografian, hala nola, baimena eskatu behar ez izatea, antisorgailuak ez erabiltzea, gorputzen estigmatizazioa, emakumeak plazer-objektu bihurtzea, edo rol ezberdinak ezartzea (mutilak menderatzaileak eta neskak menderatuak).
Zer da sexu-indarkeria?
Gaur egun, sexu-indarkeria kasu baten aurrean, karga biktimaren gainean jartzeko joera dago, “bere zauri eta orbainetan, fisikoak zein emozionalak eta psikologikoak”. Horren ondorioz, biktima errudun bihurtzen da, eta, aldi berean, erasotzailea justifikatzera ere irits daiteke. Hori dela eta, txostenaren egileentzat funtsezkoa da sexu-indarkeria identifikatzea, eta bere jatorria eta dituen aurpegi ezberdinak ezagutzea biktimek beren burua biktimatzat har dezaten.
Zenbait indarkeria ez dira indarkeria gisa ulertzen haurtzaroan edo nerabetasunean, ez biktima gisa, ez erasotzaile gisa. Hori ematen da indarkeriaren biktimak profil zehatz batean sartu behar direlako eta horrek nerabeei eragiten die eraso bat aintzat hartzeko orduan.
Txostenak indarkeriaren larritasuna eta ezaugarriak lausotzen dituzten hainbat premisa faltsu jasotzen ditu eta, beraz, identifikatzeko zailagoak egiten dira. Premisa faltsuen artean erakundeak honako hauek aipatzen ditu: modu probokatzailean janztea; goizaldean kaletik bakarrik ibiltzea; ezezko baten atzean baiezko bat dago; alkohola edo drogak baimenaren parte dira; mutilek sexu-sen saihestezina dute, eta hori gehiago dago lotuta gizarte-agindu bati plazer berezi bati baino; biktimaren kontakizuna agian ez da egia; erasotzaileak justifikatzea, jokabidea minimizatuz; edo sexu-erasoa egiten dutenak munstroak edo gaixo mentalak direla justifikatzea.
Txostenak hiru indarkeria mota bereizten ditu: haurtzaroan bizitako sexu-indarkeria, aisialdi ingurunearekin harremana duen sexu-indarkeria eta indarkeria bikote heterosexualen barruan.
8.000 biktima adingabe baino gehiago 2022an
Espainiako Barne Ministerioaren kriminalitateari buruzko atari estatistikoaren datuek adierazten dutenez, 2022an 18.731 salaketa erregistratu ziren sexu-indarkeriako delituengatik; horietatik 8.337k (% 44,5) 18 urtetik beherakoak zituzten biktima.
Adingabeen kasuan, 3.857 delitutan biktimak 13 urtetik beherakoak izan ziren (2.987 neska eta 864 mutil). 4.480 delitutan, berriz, biktimak 14 eta 17 urte bitartekoak izan ziren (3.827 neska eta 651 mutil). Euskadin 328 kasu izan ziren eta Nafarroan 191. Estatuan, kasu gehien izan dituzten autonomia erkidegoak Andaluzia, Katalunia, Madril eta Valentzia izan ziren.
Teknologien bidez egindako sexu-delituei dagokienez, 2022an aurkeztutako salaketa guztietatik (1.135) % 84an biktimak haurrak edo nerabeak izan ziren (616 neska eta 334 mutil). Haurtzaroa eta nerabezaroa sexu-delituen salaketen % 44,5 dira, eta horietatik % 81,7 neska nerabeak; eremu digitalean, berriz, % 64,57.
Datu horietatik abiatuta, Save the Childrenek baieztatzen duenez, “biktima gehienak neskak dira, eta neska nerabea izatea oso arrisku-faktore garrantzitsua da sexu-indarkerian”.
Arrisku-faktoreak
Dokumentuak eraso bat egitean edo pairatzean eragin dezaketen hainbat aldagai pertsonal, sozial eta ingurumenekoak jasotzen ditu. Horien artean honako hauek azpimarratzen dira: teknologia berrien eragina; indarkeriaren eta genero-rol eta -estereotipoen normalizazioa bideojokoen eta pornografiaren bidez; indarkeriaren legitimazioarekin harremana duten mitoak; diskurtso negazionistak; genero-desparekotasuna; maskulinitate eredu dominatzaile eta sozializatua; indarkeria familia-esparruan edo zaintzaren ukapena; familia-haustura konplexua; hezkidetzari, berdintasunari, sexualitateari edo baimenari buruzko noziorik ez duten familiak; jarraibide oso zurrunak edo mugarik eta araurik gabeak dituen familia-eredua; indarkeriaren biktima izatea (horrek beste indarkeria mota batzuk pairatzeko edo gauzatzeko aukera areagotu dezake); talde zaurgarrietako kide izatea; gaitasun sozialen falta; sexualitatearen inguruko esperientzia negatiboak; hipersexualizazioa; hezkuntza afektibo-sexualaren falta, eta substantzien kontsumoa.
Erasotzailearen eta biktimaren profil zehatza ez dagoen arren, neska izateak sexu-indarkeriaren biktima izateko aukerak biderkatzen ditu. Ingurune digitalean ematen den indarkeriari dagokionez, indarkeria kasuak orekatzen dira.
Genero-indarkeriaren aurkako Gobernuaren Delegazioak emandako datuen arabera, sexu-indarkeria kasuak batez ere jaietan eta jaialdietan ematen dira, bereziki, gaueko aisialdian (horrelako inguruneetan arriskua handitzen da, batez ere, substantziaren bat kontsumitu bada). 16 eta 34 urte bitartekoen artean, gune publikoak ere nabarmentzen dira eta, hirugarren postuan, etxea.
Aipatu den moduan, ingurune digitalean ere horrelako indarkeria ohikoa bilakatzen ari da. Ingurune hori kezkagarria, zaila eta aldagaitza da neskentzat, besteak beste, bertan sexu-erasoen edo biktimen erruduntasunaren inguruko mitoak betikotzen direlako.
Taldekako sexu-erasoak
Save the Childrenek txostenean taldean egiten diren erasoak ere aztertu ditu. Horrelako delituek oihartzun handiagoa izaten dute gizartean beren larritasunagatik eta hedabideetan duten zabalkundeagatik. Barne Ministerioaren arabera, pertsona batek baino gehiagok egindako sexu-erasoen kopuruak nabarmen igo dira azken bost urteetan (+% 64). Hala ere, taldean egiten diren erasoen kopuru osoa norbanakoek egiten dituzten kopurutik oso urruti dago; 2022an sexu-indarkeriagatik jasotako salaketen % 4,2 taldean egindako erasoengatik egin ziren.
Horrelako erasoak jasan behar izan dituzten haur eta nerabeei dagokionez, Espainiako Barne Ministerioak emandako datuen arabera, biktimaren profila honako hau litzateke: bakarrik dagoen 15 urte inguruko neska. Erasotzaileek antzeko adina dute eta aurrez ezagutzen dira (modu mugatuan izan badaiteke ere) eta delituan koitoa eta indarkeria izaten dira.
Perazzok gogorarazten duenez, “taldean egiten diren erasoen % 10 baino gehiago grabatu egiten dira, mendean izatearen seinale gisa, berdinen taldearen errekonozimenduaren zain, eta horrek argi eta garbi erakusten du teknologia berriek eta Internetek nola eragiten dioten haurren eta nerabeen harreman-moduari”.
Nola egin aurre adingabekoen aurkako sexu-indarkeriari
Save the Childrenek gogorarazten du, duela ia hiru urte onartutako Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Babesteko Lege Organikoak (LOPIVI) jasotakoaren arabera, beharrezkoa dela Gobernuak legeria espezifiko bat garatzea, legeak aurreikusten dituen prebentzio-neurriak ezartzeko, hala nola hezkuntza afektibo-sexualan edo teknologia berrien erabilera seguru eta arduratsuan.
Catalina Perazzok dioenez, “pornografia ezin da haur eta nerabeen sexualitate irakaslea izan, fikzioa delako; ez da erreala. Auto lasterketetako bideojokoekin nerabeei gidatzen irakatsiko bagenie bezala da”.
GKEak azaltzen duenez, ezinbestekoa da adin goiztiarretatik hezkuntza afektibo-sexuala ezartzea haurrek harreman osasuntsuagoak eta berdinzaleagoak izan ditzaten. Hezkuntza horretan, besteak beste, baimena, gorputzaren autonomia eta zirraren, komunikazioaren eta harreman berdinzaleen garapena landu beharko lirateke. Hezkuntza hori, Save the Childrenen ustez, nerabezaro osora iritsiko den berdintasunean oinarritutako hezkuntzak ere gidatu beharko luke. Horretarako, ezinbestekoa da gazteei Interneten eta sare sozialen erabilera segurua egiteko aukera ematen dizkien tresnak eskaintzea.
Gainera, indarkeria jada eman denean, GKEak beharrezkoa ikusten du biktima izan diren haurrak eta nerabeak ahalik eta bermerik handienekin eta haien eskubide guztiak errespetatuz artatzea. Horretarako, Save the Children-ek proposatzen du esparru juridikoko profesional guztien hasierako eta etengabeko prestakuntza, eta haur biktimei eta erasotzaile nerabeei arreta emateko dauden baliabide guztiak koordinatzea.
Eraso bat egin duten nerabeei arreta emateko, berriz, GKEak erasotzailearekin ez ezik, haren ingurunearekin ere esku hartzearen alde egiten du, epe luzera erreparazio eraginkorra emateko.