Neskek etxean lan gehiago egiten jarraitzen dute

‘Gazteria eta zainketa. Nafarroa 2024’ azterlanaren arabera, Nafarroako gazteen % 45ek etxeko lanak partekatzen ditu. Hala ere, zaintza-kargak eta erantzunkidetasunak genero-arrakala nabarmena erakusten dute, batez ere adingabeak zaintzen emandako denboran

Nafarroako Gazteriaren Institutuak argitaratu duen Gazteria eta zainketa. Nafarroa 2024” azterlanaren arabera, Nafarroako gazteen % 45ek etxeko lanak partekatzen ditu familiako beste kideekin. Antzeko ehuneko bat osatzen dute etxeko lanetarako jarrera pasiboa dutenek. Horien artean % 22,2k eskatzen dietenean bakarrik laguntzen dute eta % 22,8k jarrera aktiboagoa dute ahal duten lanetan lagunduz. Nafarroako gazteen % 10 inguruk, berriz, bere gain hartzen ditu etxeko lan guztiak.

Hala ere, Nafarroako gazteen inplikazioak behera egiten du beste pertsona batzuen zaintzaz ari garenean. Izan ere, gazteen % 38,5ek soilik adierazi du zeregin horiek “bere gain hartzen dituela eta beste batzuekin partekatzen dituela”; aitzitik, zaintza horiek banaka hartzen dituztenen ehunekoa ere murriztu egin da. Gehiengoak, % 55,5ek, zaintza-lanetan laguntzen du eta % 29,1ek dio “ahal duen lanetan laguntzen duela”.

Nafarroako gazteen ia % 27k zaintzak behar dituzten beste pertsona batzuekin partekatzen dute etxea: anaia txikiagoak, gurasoak, aiton-amonak edo bestelakoak. Egoera hori ohikoagoa da emakumeen, gazteenen artean eta atzerrian jaiotakoen artean.

Genero-arrakala

Genero-arrakala nabarmena dago etxeko ardurak hartzean, gehienetan, emakumeek hartzen dutelarik ardura hori. Horrela, emakume gazteen % 48k dio etxeko lanetan erantzunkidetasuna duela, eta gizon gazteen kasuan, ehuneko hori sei puntu baxuagoa da. Arrakala hori antzekoa da zaintza-lanen kasuan, non emakume gazteen % 41ek erantzunkidetasuna hartzen duen gizon gazteen % 36,1ekin alderatuta. 

Emakume gazteen % 48k dio etxeko lanetan erantzunkidetasuna duela, eta gizon gazteen kasuan, ehuneko hori sei puntu baxuagoa da.

Etxeko lanetan eta zaintza-lanetan hartzen den erantzunkidetasuna adinarekin aldatzen da, 21 urtetik gorako gazteen kasuan handiagoa delarik eta urteak gora egin ahala handitzen delarik. Gainera, atzerrian jatorria duten gazteek erantzunkidetasun handiagoa hartzeko joera azaltzen dute eta, zenbait kasutan, erantzunkidetasun osoa bere gain hartzen dute.

Erantzukizunak hartzeko aldea gazteek etxeko lanetan ematen duten batez besteko denboran ere islatzen da. Kasu guztietan, batez beste, emakume gazteek denbora gehiago ematen dute etxeko lanak egiten. Adibidez, etxeko garbiketa lanetan emakume gazteek, batez beste, 48,9 minutu ematen dituzte egunean, hots, gizon gazteek baino ordu laurden gehiago (33,1 minutu).

Genero-arrakalaren adibiderik agerikoena adingabeen zaintzan ikus daiteke, non emakume gazteek  gizon gazteek baino ia bi ordu gehiago ematen duten egunean.

Etxeko lanak egiteko ematen den denboran den desparekotasun hori are nabarmenagoa da janaria prestatzeko lanetan, non emakume gazteek, batez beste, egunean hamar minutu gehiago ematen duten.

Genero-arrakalaren adibiderik agerikoena adingabeen zaintzan ikus daiteke, non emakume gazteek  gizon gazteek baino ia bi ordu gehiago ematen duten egunean. Zainketa horien barruan ulertzen da seme-alaben zainketa baina baita anaia gazteagoen zainketa ere. Hori dela eta, eragina handiagoa da 26 eta 30 urte bitarteko adin-taldeetan, seme-alabak izan dituzten gazteak baitaude.

Gainera, zaintzak behar dituzten pertsonekin bizi diren gazteek denbora gehiago ematen dute, batez beste, etxeko lanak egiten. Hori, bereziki esanguratsua da zaindu beharreko adingabeak diren kasuetan.

Zaintzan emandako denboraren inpaktua 

Nafarroako lau gaztetik batek dio zaintzara bideratutako denborak bere bizitza baldintzatu duela nolabait. Adibidez, % 18,6k adierazi du aisialdirako denbora gutxiago izan duela eta % 10,1ek dio ikasketetarako denbora gutxiago izan duela.

Zaintzara bideratutako denboraren eragina handiagoa da neska gazteen kasuan mutil gazteen kasuan baino. Horrela, emakume gazteen artean hedatuagoa dago denbora galdu izanaren iritzia (% 27,5 eta % 22,7, hurrenez hurren). Gainera, gazteen adin-talde helduenetan hautematen da argien zainketek norberaren denboraren gozamenean duten eragina, eta badirudi denbora hori murriztu egiten dela urteak aurrera egin ahala.

Emakume gazteen kasuan, zaintzara bideratutako denboraren eragina nabarmenagoa da beren ikasketetan eta ibilbide profesionalaren garapenean. Azken horretan diren mugak agerikoagoak dira 26-30 urte bitarteko gazteen artean, etapa horretan amatasun kasuak ohikoagoak baitira.

Nork egiten ditu hobeto etxeko lanak?

Etxeko lanak eta zaintzak ondoen egiten dituen gizataldeari buruz gazteek duten iritzia ere jakin nahi izan du inkestak.

Inkestatutako hamar gaztetik ia zortzik diote ez dela alderik sexuen artean etxeko lanak edo zaintza-lanak egiteko orduan. Ehuneko hori altuagoa da maskoten edo landareen zaintzari, arropa garbitzeari, eskegitzeari edo lisatzeari, zaborra ateratzeari, erosketak egiteari edo sukaldea garbitzeari buruz galdetzen denean. Hala ere, etxea garbitzeari edo pertsonen zaintzari buruz galdetzen denean aipatu portzentajeak behera egiten du.

Aipatu lanetan aldeak daudela hautematen duten horien artean, gehiengoak uste du emakume gazteek hobeto egiten dituztela lan horiek, gizon gazteen alde egiten duten horien ehunekoa oso txikia delarik. Emakume eta gizon gazteen arteko arrakala hori oso agerikoa da etxeko garbiketa lanen kasuan, non % 0,7k bakarrik uste duen mutilek hobeto egiten dituztela lan horiek, eta % 27,3k, berriz, nesken alde egiten du. Antzeko aldea ikus daiteke, adibidez, adingabeen zaintzan, non % 0,4k baino ez duen egiten gizonen alde eta % 24k emakumeen alde egiten duen.

Azterlanak azaltzen duenez, etxeko lanak eta zaintza-lanak neskei esleitzea hainbat sozializazio-faktoreen ondorioa da. Joera hori trebetasun intrintsekoei eta sozializazio-prozesuen ondorioei buruzko sinesmenen konbinazio baten ondorio da, eta, ondorioz, emakumeek erantzukizun gehiago hartzen dituzte beren gain. Izan ere, neskak dira “abantaila” hori beren generoari gehien egozten diotenak. Inkestatutako emakume nafar gazteen % 38,4k uste du emakumeek hobeto egiten dituztela etxeko garbiketa lanak, iritzi bera duten gizon gazteen % 16,8rekin alderatuta.

Erantzunkidetasun-maila

Nafarroako gazteen % 26,3k uste du gizartean erantzunkidetasun gutxi dagoela gizonen eta emakumeen artean seme-alabak, adingabeak, mendeko pertsonak eta abar zaintzeko lanei dagokienez. Inkestatutako gazteen % 4,7k iritzi sendoagoa du eta ez du inolako erantzukidetasunik ikusten. Bestalde, Nafarroako hiru gaztetik batek dio ‘nolabaiteko’ erantzunkidetasun-maila dagoela eta % 28,9rentzat erantzunkidetasun-maila nahikoa da. Hala ere, erantzunkidetasun-maila handia dela uste duten horien kopurua % 7,2 baino ez da.

6 eta 30 urte bitarteko gazteak, laneko eta ikasketetako zereginak beren gain hartzen dituztenak eta unibertsitateko edo goi-mailako lanbide-heziketako ikasketak amaitu dituzten gazteak dira dagoen erantzunkidetasun-mailarekin kritikoen azaltzen direnak.

Txostenak dio, halaber, Nafarroako gazteen % 67,8k uste duela zaintzak, hau da, mendekotasuna duten pertsonak edo senitartekoak, adingabeak eta abar hazteko eta laguntzeko zereginak, guztiz beharrezkoak direla eta gizarte osoak erantzukizun partekatutzat hartu beharko lituzkeela.

Hala ere, gazteen % 32,2k zaintza-lanak funtsezkotzat hartzen baditu ere, uste dute soilik familien eremu pribatura mugatu behar direla eta ez luketela eztabaida publikoaren parte izan behar.