Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoek beren beka-programaren hamargarren ediziorako deialdia egin dute. Horri esker, Euskadiko lau gaztek New Yorkeko museoan esperientzia praktiko eta profesional bat bizitzeko aukera izango dute.
Programa urria eta abendua bitartean garatuko da, eta artearen eta museologiaren arloko karreretan interesa duten azken mailako ikasleentzat diseinatuta dago. Aukeratutako gazteek museoko hainbat sailetan lan egiteko aukera izango dute: komisariotza, erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa eta garapena.
Beka
Beka, lanaldi partzialekoa eta 10 astekoa, 4.000 dolarreko dirulaguntza eskaintzen dio bekadun bakoitzari, New Yorken egiten duen egonaldiko gastuak ordaintzeko. Beka eskuratzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik esperientzia izatea artearen historiako praktiketan edo berariazko ezagutzetan.
Hautatutako bekadunek konpromisoa hartu beharko dute astean 32 ordu emateko museoan egiten dituzten lanetan, baita garapen profesionaleko mintegietan eta kultura-ekitaldietan parte hartzeko ere. Mintegi horiek hainbat sailetako laguntzaileak biltzen dituzte, eta aukera paregabea eskaintzen dute ikasteko eta New Yorkeko arte eta kultura arloko profesionalekin harremanetan jartzeko.
Beka hauek eskatzeko honako baldintza hauek bete behar dira: Euskal Autonomia Erkidegoan jaioa eta/edo bertan bizi izatea, ingelesezko jarioa izatea (ahozkoa zein idatzizkoa), unibertsitateko azken urtean matrikulatuta egotea, ikasle graduatua izatea edo unibertsitatea edo graduondoko bat amaituta izatea 2023ko urriaren 7tik aurrera.
Eskabideak aurkezteko azken eguna 2024ko apirilaren 22a da. Interesdunek Bilboko Guggenheim Museoaren webgunean aurki dezakete informazio gehiago eta bertan egin dezakete eskaera.
Hautatutako bekadunen izenak aipatu webgunean jakinaraziko dira, beranduenez 2024ko ekainaren 26an. Kontsulta eta informazio gehiago nahi izanez gero, basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus helbidera idatz dezakezu.