Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) uda honetako gazte boluntariotzako egonaldietan izena emateko epea zabaldu du. Egonaldi horietan parte hartu nahi duten gazteek izena emateko aukera izango dute datorren maiatzaren 23ra arte NGIren webgunean. Gazteek Nafarroan bertan edo Estatuko beste erkidegoetan izango diren boluntariotza-eremutan parte hartzeko izena eman ahal dute.
Gazteen boluntariotzako eremuak jatorri desberdinetako pertsonen arteko topaguneak eta trukerako guneak dira, bi aste inguruko iraupena dutenak, non, lan boluntarioarekin, interes komunitarioko proiektu bat garatzen den, gizarte-, ingurumen- edo kultura-esparruan.
Plazak izen-emate ordenaren arabera esleituko dira. Boluntariotzako egonaldietan parte-hartzeko kuota 110-120 eurokoa da, Ceutan izango den horretan izan ezik (72 euro). Kuotak ostatua, mantenu osoa eta jarduera osagarriak hartzen ditu bere barne. Parte-hartzaile bakoitzak joan-etorriko bidaiak ordaindu beharko ditu kuota horretatik aparte.
Maiatzaren 23an egonaldietan izena emateko lehen deialdia amaituko da. Ekainaren 1ean bigarren deialdi bat zabalduko da, ekainaren 29ra arte zabalik izango dena. Bigarren deialdi horretan helmuga berriak eta lehenengo deialdian hutsik geratu ahal diren plazak eskainiko dira.
Nafarroako egonaldiak
Aurtengo deialdian, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Orokorrarekin, Ingurumen Zuzendaritza Orokorrarekin elkar lanean, 150 plaza eskainiko dira Foru Erkidegoan zehar banatutako sei eremutan.
Horietako bi uztailean izango dira, Mañeruko Bargota Monasterioan den indusketa arkeologikoan. Aurten aurreko urteetan egin den lanarekin jarraituko da. Horrela, Nafarroako eta Done Jakue Bideko historian hain garrantzitsua den gune monastiko horren egitura garbitu, berreskuratu eta dokumentatuko da.
Ingurumena ardatz izango duten bi eremuak uztailean eta abuztuan izango dira. Aurreko urteetan bezala, Bertizko Jaurerriko eta Urbasako natur parkeetan egokitzapen lanak egingo dira.
Azkenik, ‘Hormigoizko mugak’ ekimenarekin bat eginez, abuztuan beste bi eremu eskainiko dira. Proiektu horren xedea da erregimen frankistaren errepresio adierazpen bat, lan behartua, herritarrengana hurbiltzea. Horretarako, II. Mundu Gerraren esparruan aliatuen erasoak saihesteko preso errepublikanoek Pirinioetan gotortu zituzten milaka egitura militarrak lehengoratu nahi dira.
Nafarroan izango diren aipatu sei eremu horiez gain, Nafarroako Gazteriaren Institutuak nazioarteko boluntario-eremuetan parte hartzeko bitartekari lanak ere egiten ditu. Kasu horretan, beste herrialdeetan lan egiteko 400 plaza eskaintzen dira. Horietan parte-hartzeko ezinbestekoa da ingelesez hitz egitea.