NIK Patrika Digitala Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak abiarazitako aplikazioa da. Erabiltzaileei zerbitzu publikoetako txartel desberdinak mugikorrean gordetzeko aukera ematen die, hala nola Osakidetzako txartela edo Gaztetxartela. Horrez gain, jakinarazpenak jaso eta Lanbide edo Metaposta bezalako atarietara sartzeko aukera ere eskaintzen du.
Administrazioaren eraldaketa digitala bultzatu nahi duen ekimen honek dagoeneko hamalau udalen atxikimendua jaso du: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Elgoibar, Galdakao, Gernika-Lumo, Legazpi, Lemoa, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Zalla. Udalerri horietako bizilagunek bertako txartelak ere gehitu ditzakete, hala nola liburutegikoak edo kiroldegikoak.
Eusko Jaurlaritzak, EUDELekin elkarlanean, informazio-kanpaina bat jarri du abian helburu bikoitzarekin: herritarren artean aplikazioaren erabilera sustatzea eta zerbitzua udalerri gehiagotara zabaltzea.
NIK Patrika Digitala Apple Store eta Play Store plataformetan deskarga daiteke, eta erabiltzeko BakQ identifikazio elektronikoa behar da. Interesdunek informazio zehatza aurki dezakete nik.euskadi.eus webgunean.