Testu hau irakurtzen ari zaren bitartean, munduko aita edo amaren bat euren jaioberriaren heriotzari aurre egiten egongo da. Izan ere, egunero mundu mailan 7.000 haurtxo hiltzen dira; zifra latza, baina esperantzarako datuak ere oztontzen dituena: heriotza horien %80 ekidin daiteke. Eta horren inguruan asko dago egiteke. Ume batentzat jaiotzen den momentutik lehenbiziko 28 egunak dira arrisku gehien dutenak; hori dela eta, gehien zaindu beharrekoak. Haurren artean dagoen heriotza-tasaren ia erdia jaioberrietan gertatzen da eta ume horiek inguruan duten pobrezia mailak zeresan handia dauka horretan: pobrezia egoera gehien pairatzen duten umeek 5 urte baino lehenago hiltzeko probabilitate bikoitza daukate.
UNICEFek osasun arloan haurrek izan beharreko eskubideak hiru maila garrantzitsutan betetzea lortu nahi du, munduko edozein herrialdetan, egoera edozein delarik, ume bakar bat ere atzean gera ez dadin:
• Osasun zentro eta ospitale egokiak izatea, elektrizitate eta ur garbiarekin.
• Emagin eta osasun arloko langileek formakuntzarako aukera izatea, ama eta jaioberriei ahalik eta modu egokienean atenditzeko.
• Bizitzak salba ditzaketen sendagaietara sarbidea izatea.
Urtero 2,6 milioi jaioberri lehenbiziko hilabetea bete baino lehen hiltzen dira. Zoritxarrez, gora egin dute zifrek, zenbait herrialdetan egoera muturrekoa izanik; Somalian, esaterako, erditzea oso arriskutsua da bai ama bai jaioberriarentzat, osasun arloan dagoen egoera kaskarragatik; baina oso esfortzu gutxirekin aldaketa handiak lor daitezkeen adibideak ere badaude. Kirgistanen, diru-inbertsio, lehenbiziko orduetako amaren beroa eta formakuntzaren ondorioz, umeen biziraute tasek gora egin dute, eta Irakeko errefuxiatu zelaietan ere, jaioberrien zaintzaileei informazioa helarazteak erantzun oso positiboa izan du. Malin, bestalde, 1.000 jaioberriko 31koa da jaioberrien heriotza-tasa, baina UNICEFek amagandiko edoskitzeak izan ditzakeen onuren inguruan informazioa hedatzen du, zenbaki horiek murrizteko xedeaz.
Horregatik guztiagatik, UNICEFek mundu mailako osasun agintariei eskatzen die jaioberrien atentzioan inbertsio handiagoa egitea eta prebentzio prozesuan ere arreta jartzea. Pneumonia batek ez dezala jaioberri baten heriotza eragin. Erditzean izandako higiene eta atentzio faltak ez dezala jaioberri baten heriotza eragin. Ume goiztiarra izateak ez dezala jaioberri baten heriotza eragin. Mediku eta osasun arloko profesionalen formakuntza ezak ez dezala jaioberri baten heriotza eragin. Ezin delako ume bakar bat ere atzean gelditu. Eta jaioberritan hiltzen den ume bakoitzari heriotza ekiditeko aukera eman behar zaiolako.
UNICEF–Euskal Herriko Batzordea