Biologiaren esparruan hilezkortasuna ezinezkotzat jo izan ohi da. Izaki guztiek bizitza ziklo bat betetzen dute: jaio, hazi eta hil. Hala ere, bada arau hori hausten duen izaki bat, Turritopsis dohrnii izeneko marmoka, hain zuzen ere. Zientzialariek egiaztatu ahal izan dutenez itsas izaki horrek bere bizitza-zikloa itzultzeko gai da eta, horrela, bere heldutasun osora iristen denean, polipo itxurara bueltatu eta ziklo berri bati hasiera ematen dio. Orain arte jakin ahal izan denez prozesu hori nahi adina aldiz errepika dezakete eta, ondorioz, marmoka horiek biologikoki hilezkorrak direla uste da.
Zientzialariek berriki jakin ahal izan dutenez, Turritopsis dohrnii marmoken zelulek trans-diferentziazioa izenarekin ezagutzen den prozesua egiteko gai dira. Prozesu horri esker, zelula ama ez diren zelulek beste zelula mota batean bilakatzeko gaitasuna izango lukete eta zelula amek, berriz, hainbat zelula mota sortzeko gaitasuna. Modu horretan, une oro, bizitzarako beharrezkoak dituen zelulak sortzeko gai da aipatu marmoka.
Laborategian egin diren esperimentuetan marmokek kiribil hori etengabe errepikatzeko gai izan dira inolako arazorik gabe.
Turritopsis dohrnii marmoka oso izaki txikia da, zentimetro erdiko diametroa besterik ez du. Biologikoki hilezkorra denez, mundu osoko itsasoetatik hedatzeko aukera izan du marmoka mota horrek, baina, hori bai, hainbat harrapakariren mehatxua du. Beraz, biologikoki hiltzen ez bada ere marmoka horien bizitza harrapakariren baten ahutzetan amai daiteke.