Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Graduko ikasketen matrikulak % 2,38 merkeagoak izango dira datorren ikasturtean. Beherapen horrekin, eta aurreko bi ikasturteetan izan direnak aintzat hartuta, beherapena, orotara, % 7,14koa izango da. Modu horretan, Unibertsitate Politikari buruzko Konferentzia Nagusiak ezarritakoa betetzen da eta unibertsitate-kredituen prezioak 2011-12 ikasturtean ziren horien mailan kokatu dira.
Horrela, aipatu beherapenarekin, 2022-23 ikasturterako, esperimentaltasun apaleko graduen kasuan kredituaren prezioa 15,10 eurokoa izango da, eta esperimentaltasun handiagoko graduen kasuan, berriz, 21,38 eurokoa.
Aldi berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren prezio publikoen alorrean bi berritasun aipatu behar dira. Alde batetik, guraso bakarreko familia batean bizi diren ikasleek familia ugarietan bizi diren ikasleek dituzten beherapen berberak izango dituzte, hau da, % 50eko beherapena kategoria orokorrean. Kategoria berezietan diren guraso bakarreko familien kasuan erabateko exentzioa izango dute.
Bestalde, nazioarteko babesa eskatu edo lortu duten ikasleek, aldi baterako babesa dutenek edo aberrigabeek ere erabateko exentzioa izango dute. Abantaila bera izango dute % 33ko edo hortik gorako desgaitasunen bat egiaztatzen duten ikasleek, terrorismoaren biktima diren horiek edo genero indarkeriaren biktima direnak. Kasu horietan guztietan ikasleek soilik zerbitzu administratiboei dagozkien prezio publikoak ordaindu behar izango dituzte.
Graduondoak
Era berean, abokatu, Bigarren Hezkuntzako irakasle edo industria ingeniari gisa jarduteko gaitasuna ematen duten masterretako kredituaren prezioa jaitsi egin da. Datorren ikasturtean, formakuntza mota horretan kredituaren prezioa 21,38 eurokoa izango da. Gaitzen ez dituzten bestelako masterren kasuan prezioa 28,35 eurokoa izango da kreditu bakoitzeko.