17 eta 24 urte bitarteko ikasle gehienak erasotzaileak eta/edo biktimak izan dira uneren batean. Hala erakusten du UPV/EHUko Psikologian doktore Joana Jaureguizarrek egindako ikerketa batek. Bertan, aurrez aurre zein sare sozialen bidez bikote gazteetan gertatzen den indarkeria alderatu da. Emaitzen arabera, gazteen % 80,4k aitortu du aurrez aurre erabili duela indarkeria, eta % 55ek, berriz, sare sozialetan. Biktima izateari dagokionez, gazteen % 73,3 offline erasoren baten biktima izan da, eta gazteen % 51,6, berriz, online erasoren baten biktima.
UPV/EHUko PSIDES ikerketa-taldeak bikote gazteen online indarkeria aztertzen du, prebentzio-estrategia egokiak diseinatzeko helburuarekin. Jaureguizarrek berak azpimarratu duenez, sareetako indarkeriak eta aurrez aurreko indarkeriak ez dituzte eredu berak jarraitzen eta desberdintasunak daude jokabide motetan eta erasotzaileen eta biktimen profil psikologikoetan.
Azterlanak erakusten duenez, hitzezko erasoak eta eraso emozionalak ohikoagoak dira aurrez aurreko harremanetan. Sare sozialetan, berriz, kontrola da nagusi, hala nola geolokalizazioa edo mezuak ez erantzuteagatik azalpenak eskatzea. Gazteek ez dute beti kontrol hori indarkeriatzat hartzen, eta horrek jokabide horiek indarkeriazko ekintzetara pasatzeko arriskua dakar.
Gainera, azterlanaren arabera, gazteen % 11k onartzen du noizbait indarkeria fisikoa erabili izana. Aurrez aurreko indarkeriaren biktimen profil psikologikoek autoestimu txikia erakusten dute, eta ziberindarkeriaren biktimek, berriz, zailtasun handiagoak dituzte emozioak erregulatzeko, beharbada online indarkeriaren etengabeko izaeraren ondorioz.